Urte beroari, zurizko agurra
Goierri zuritu du negualdiko lehenengo elurteak. Urteberri bigarreneko elurtzaren gainean gehiago egin du. Elur maila 200 metroan izango da gaur, baina gutxi botako du
Eguraldia zientifikoki neurtzen denetik, hirugarren urte beroena izan da amaitu berri den 2020a. Meteorologiaren Mundu Erakundearen datuen arabera, industrializazio aurreko garaian 1850ean hasi ziren datuak biltzen baino 1,2 gradu gehiago egin du munduan. 2016ko eta 2019ko markak puskatu ditu tenperaturak, hala. Naturan eta gizakiengan eragingo dituen ondorioz ere ohartarazi du.
Urte berri, bizi berri esan nahiko balu bezala, ordea, azken hiru urteetako elurte handiena bota du 2020tik 2021erako urte aldaketan. Abenduaren 26an goi mendiak elurtu zituen, eta Urtezahar goizean ekin zion berriro. Aizkorrira igotzeko ohitura dutenek nozitu zuten aldagoia, elurtza eta lainoa, gurutzera iristea ia ezinezko bilakatu baitzen.
Bailaretako herrietaraino zuritu zuen urtarrilaren 2an, 10-15 zentimetroko elur geruza eginda. 150 bat metroan ere elurretan bota zuen, eta 200 metroan mantendu da harrezkero elur maila. Atzo berritu zuen elurtza, goizaldeko erauntsiarekin eta egun osoko prezipitazioekin.
Jai egunak gozatzeko
Aurreko asteburuan, goietara jo du jende askok, elurra zapaltzeko irrikaz. Auto pilaketak izan dira naturguneen sarreretan eta bideetan. Irudi bitxia, igandean Urretxuko Santa Barbaran izan zen. Ipeñarrietako idi pareak tiraka atera behar izan zituen elurretan mugitu ezinik geratutako ibilgailuak.
Errepide sare nagusian ez da aparteko eragozpenik izan. Garbi mantendu dituzte foru aldundiaren zerbitzuek eta herrietako paladun traktoreek. Luiziak eta lur jausiak etortzen hasi dira.
Gaur ere elur maila 200-400 metro bitartean egongo dela iragarri du Euskalmetek. Prezipitazio txikia egingo du, goizean.