Zamaldakarik ez, magia bai ordea
Errege magoen zamalkadak bertan behera geratu dira, baina hala izanda ere, erregeei harrera egingo diete hainbat herritan. Ordizian eta Idiazabalen herriko kaleak zeharkatuko dituzte haurrak agurtzeko.
Aurtengo Gabonak desberdinak izaten ari dira. Desberdinak izateak baina ez du esan nahi egun berezi hauek duten magiari eusteko ahaleginak egingo ez direnik. Eta, hain zuzen ere, magia horri eusteko xedearekin, Goierrira bidean dira jada Ekialdeko hiru errege magoak, eta egungo egoerara egokituta bada ere, Goierriko haurrengandik gertu egongo dira gaur.
1942. urteaz geroztik, urtero-urtero, hutsik egin gabe, Ordiziako kaleak zeharkatu dituzte Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek, herriko haurren ilusioa piztu eta haiek eskatutako opariak ekartzeko. Goierriko zamaldakarik zaharrena edo zaharrenetakoa da Ordiziakoa. Aurten zamalkadarik ez, baina hiru errege magoak Ordizian izango dira. Herriko kaleak zeharkatuko dituzte auto banatan, eta pajeek motoekin irekiko diete bidea. 18:00etatik aurrera izango da hori.
Oraingoz ez dute ibilbidea zehaztu, baina jakinarazi dute musikaz lagunduta joango direla, beraz, musika entzun bezain pronto, etxeko leiho eta balkoietara ateratzeko deia egin dute. Udalak eskatu du herritarrak ez daitezela kalera atera erregeak agurtzera, jende pilaketak ekidin ahal izateko.
Bestalde, Barrena kultur etxean utz daitezke errege magoentzako gutunak. Gaur 10:00etatik 13:00etara ere egin ahalko da hori. Gutuna uztera gerturatzen diren haurrei goxokiak emango dizkiete.
Idiazabalgo herria ere gurutzatuko dute errege magoek, 21:00etatik aurrera. Goiko auzotik hasiko dute bisita. COVID-19aren kutsatzeak ekiditeko udalak eskatu du herritarrek etxeko balkoi eta lehioetatik agurtu ditzatela.
Erregeei harrerak
Legazpiko zamalkada ere Goierriko enblematikoenetakoa da. Gaurko egunez, arratsaldeko azken orduan herrriko argiak itzali eta pajeen suzien suaren argiarekin lagunduta, zaldi gainean igaro ohi dituzte Legazpiko kaleak Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek, herriko haur guztiei goxokiak banatzen dizkieten bitartean. Gaur, ohiko moduan ez, baina txikienek izango dute Errege magoak ikusteko aukera Korosti dantza taldeari eta udalari esker. Gaur, 18:00etatik 20:00etara, Azokan egongo dira. Bertan hartuko dituzte haurrak, COVID-19aren kutsatzea saihesteko beharrezko segurtasun-distantziak gordez. Aurtengo beste berrikuntza bat izan da, Errege magoek gutunak jasotzeko postontzi bana jarri dutela Kale Nagusian eta Laubiden. Gaur ere erabilgarri egongo dira, eta azken egun honetan, herriko plazan kokatuko dituzte azken momentura arte, haurrek gutunak utz ditzaten.
Legazpira egingo duten bisitaren aurretik erregeek gogorarazi dute aurten harremanak izateko modua desberdina izango dela Covid-19aren ondorioz, eta, beraz, kontaktu bisuala mantenduko dela eta agurrak eta argazkiak urrutitik egingo direla.
Beasainen ere badira urte mordoska bat, 60 inguru, Erregen zamalkada egiten hasi zirela. Hemen ere, ekitaldia moldatu egin dute egungo egoerara. Horrela, Igartzako jauregian egingo dute harrera, gaur, 16:00etatik 19:30era, Txilibutxof aisialdi taldeak antolatuta. Sarrera eta irteera bereizita egongo dira. Aldez aurretik txanda hartutakoak bakarrik parte hartu ahalko dute. Honela, jende pilaketak saihesteko helburua bete nahi da.
Zegamara ere haurren gutunak jasoko dituzte hiru Errege magoek, gaur. Bi txanda antolatu dituzte, 17:00etan eta 19:00etan. Eskolako patioan izango da eta haurrak seiko taldetan pasako dira, baina horretarako, hemen ere izena eman beharko da aldez aurretik, udaletxean.
Zumarragan, Lazkaon, Ormaiztegin eta Olaberrian aurten ez da ekitaldirik antolatu. Hala izanda ere, hiru Errege magoak Goierriko haur guztietan etxeetara iristeko ahalegin guztiak egingo dituzte.
EKITALDIAK GOIERRIN
Beasain. Errege magoen harrera Igartzako Jauregian, 16:00etatik 19:30era. Txanda eskatu behar da.
Idiazabal. Goiko auzotik hasita, herria zeharkatuko dute errege magoek. Eskatu dute herritarrek etxeetatik agurtzea.
Legazpi. Errege magoen harrera, Azokan, 18:00etatik 20:00etara. Postontzi bana jarri dituzte Kale Nagusian eta Laubiden.
Ordizia. Errege magoek herriko kaleak zeharkatuko dituzte 18:00etatik aurrera. Bestalde, gutunak Barrenan utzi daitezke, 10:00etatik 13:00etara.
Zegama. Errege magoen harrera, eskolako patioan, 17:00etan eta 19:00etan.