«Hemen dugun gabezietako bat oinarrizko ikerketaren falta da»
Ingeniaritza Kimikoa ikasi eta gero, Herbereetan eta AEBetan lanean eta ikasten aritua da Iker Agirrezabal (Segura, 1984). Gaur egun, Bilboko Ingeniaritza eskolako irakaslea da.
Lemniskatara Zientzia Sare Herrikoiak antolatzen duen Azaroa Zientzia Aroa zikloaren azken solasaldian parte hartu zuen ekintzaile eta ikertzaileetako bat da Agirrezabal. Katalisi heterogeneoaren inguruan egin ditu ikerketa nagusienak, eta lan horietako asko artikulu zientifikoetan publikatu ditu. Egin duen ibilbideaz hitz egin du.
Ingeniaritza Kimikoan graduatua zara.Zerk motibatu zintuen gradu hori ikastera?
Esango nuke bi gauzen konbinazioa izan zela. Alde batetik, ingeniaritza gustuko nuen orokorrean, garai haietan asko ginen ingeniaritza bat egin nahi genuenak. Kimikari dagokionez, batxilergoko azken urteetan kimikako irakasle nahiko on bat eduki nuen, nire osaba, eta harren harira piztu zitzaidan honenganako interesa.
Gradua amaitutakoan masterra egin zenuen Herbehereetan. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Lehenik eta behin, ingeniaritza kimikoko karrera amaierako proiektua egitera joan nintzen Herbereetara eta sei hilabetez egon nintzen han. Proiektua enpresa batentzako egin genuen, eta gero konturatu nintzen han ere bazeudela masterra egiteko aukerak eta kasik bi urte eta erdi pasa nituen masterra egiten. Guztira ia lau urtez egon nintzen Herbereetan. Masterra amaitu nuenean, nire asmoa enpresa munduan edo zentro teknologikoetan sartzea zen, baina hona etorri nintzenean ez nuen horrelako aukerarik ikusi, eta azkenean unibertsitatean amaitu nuen doktoretza bat egiten.
Zeri buruzkoa zen doktoretza?
Helburua zen ikastea nola egin zitekeen biomolekula baten produkzioa modu sostengarri batean. Molekula hori dagoeneko produzitzen da, baina helburua zen produkzio hori energia gutxiago eta produktu berriztagarriagoak erabilita egiten ikastea.
Zergatik aukeratu zenuen Herbeheretan ikastea?
Ingeniaritza kimikoan tradizio handia duen herrialdea da, eta batez ere ikerketan inbertsio handia duen lekua da, aukera asko ematen ditu. Behin ingeniaritza kimikoko masterra egin ondoren, ingeniari kimiko batek Herbereetan hemen baino askoz bizkorrago aurki dezake lana. Horrez gain, ikasketak oso aplikatuak dira, beti enpresekin lotuta. Praktika batzuk enpresetan egiten dira, eta zentzu horretan asko gustatu zitzaidan beraien metodologia.
Amerikako Estatu Batuetan ibili zinen 2014 eta 2017 urteen artean. Zertara eta zergatik joan zinen AEBtara?
Doktoretza ondorengo lana izan zen hori, doktoratu osteko lana izena duena. Doktoretza gai baten inguruan egin eta gero, gai horretan are gehiago espezializatzen saiatzen zara honen bitartez. Estatu Batuetara joatea erabaki nuen batez ere han zegoen irakasle bat munduko hoberenetakoa delako. Talde bezala oso ona zen, eta hemen, Bilbon esaterako, zientzia batez ere industriari lotutakoa den moduan, hura oinarrizko zientziaren ikerketan oinarritzen zen gehiago. Hori izan zen talde hartara joateko arrazoirik nagusiena.
AEBtako esperientzia hemengoarekin alderatuta, ezberdintasun handia nabaritzen duzu aukerei dagokienez?
Ikerketa aldetik batez ere sekulako inbertsioa dago. Ni egon nintzen taldean, adibidez, ezin dut ziurtasun osoz esan, baina kasik ez zegoen diru kontrolik. Hainbeste diru zegoen, non ia.ia nahi genuen gauza guztietan gastatu genezakeen. Horrek azkenean nahi duzun gaia jorratzeko eta nahi dituzun baliabide guztiak edukitzeko aukera ematen dizu. Hainbeste inbertitzen denean, askotan, AEBtako gobernuak berak ere ez daki noraino helduko diren ikerketa asko, baina horietako ugari enpresetara iristen dira eta horrela lortzen dutena da enpresa horiek lehiakortasun handiagoa edukitzea. Hemen, ordea, gobernu aldetik ez dago hainbesteko laguntzarik, eta tradizio aldetik ere enpresek ez dute hainbesteko tradiziorik dirua oinarrizko ikerketan inbertitzeko.
Aldea handia da, beraz.
Oinarrizko ikerketa epe luzerako zerbait bezala ikusten da eta askotan ez dakite aplikatzerik egongo den ala ez, beti aplikatzen da I+G moduko ikerketa batean, non badakizun hemendik 5 urtera produktu berri bat aterako duzula. Esango nuke hemen daukagun gabezietako bat oinarrizko ikerketa dela, eta aspektu horretan Amerikako Estatu Batuengandik ikasi dezakegu.
2018an irakasle plaza lortu zenuen Bilboko unibertsitatean. Gustura al zabiltza?
Bai, gustura. Hiru urte daramatzat dagoeneko ingeniaritza kimikoan irakasle lanetan, klaseren bat edo beste emanda neukan aurretik, baina ikasleen aurrean zaudenean konturatzen zara benetan zenbat gauza dituzun ikasteko, egiten dizkizuten galdera asko ez dituzulako espero. Hasiera batean, ordu asko sartutakoa naiz, baina pixkanaka moldatzen hasten zara, eta denborarekin aurkezpenak egiteko erraztasun gehiago hartzen duzu baita ere. Gure unibertsitatean beti saiatzen gara ikerkuntza jorratzen; esango nuke gure lan erdia ikerkuntza dela, eta beste erdia irakaskuntza. Denbora daukagun guztietan saiatzen gara laborategira sartu eta ikasleekin edo bestelako doktoretza bat egiten ari diren pertsonekin kolaboratzen eta proiektuak aurrera ateratzen.
Zure lan ugari publikatu dituzte aldizkari zientifikoetan. Zein da zuretzat egin duzun lorpenik handiena?
Sartu ditudan orduengatik eta egin dudan lanagatik, nire lorpenik handiena AEBetan egin nuen, eta orain dela gutxi publikatu den lan bat dela esango nuke, batez ere lehen aipatu dudan talde horrek daukan exijentzia maila sekulakoa delako, eta publikatzen den hori ezin hobe egon behar delako. Nolanahi ere, entzute aldetik baliteke publikazio hori hain famatua ez izatea, agian publiko guztiarentzat ez baita hain erakargarria. Lan horretan ikertu genuena izan zen batez ere plastiko aitzindari batzuen sorkuntza. Plastikoak, azken batean, molekula oso luze batzuk dira, eta nire kasuan molekula txiki horiek hartu eta handiagotzeko pausu bat ikertzen aritu nintzen. Hiru urte eman nituen pausu horretan, beraz imajinatu zenbat ordu sartu genituen.