«Nazioarteko mailako ziklo-kros proba egin nahi genuen, 50.ean»
Igandean izan behar zuen Ormaiztegiko ziklo-kros probak, baina COVID-19aren eraginez, bertan behera geratu da. Nolanahikoa ere ez zen aurten, 50. ekitaldia izateagatik nazioartekoa baitzatekeen.
Noiz erabaki zenuten etsitzea?
UCIk baimena eman eta hurrengo astean konfinamenduan sartu ginen. Hiru hilabetean egon ondoren, erabaki genuen nazioarteko proba ez egitea, karrera normaltxeagoa baizik. Euskadiko Federazioak baldintzen protokoloa bidali, eta antolatzaileek Oñatin egin genuen bileran esan zizkiguten neurriak: zirkuitua herrigunetik kanpora, publikoa distantzia mantenduz, helmuga jenderik gabe, txirrindulariak eta mekanikoak beste toki batean, sari banaketa itxian eta publikorik gabe, dutxarik ez… Eta karrera nagusiak bigarrena izan behar zuela agindu ziguten, 10etan. Jende gehiegi ez izateko.
Eta, hala ere, aurrera?
Ormaiztegiko bidegurutzetik gora egitea pentsatu genuen, frontoi aldera eta helmuga bainuetxean. Jende gutxi bizi da han. Bazegoen egiterik: Itxune atzeko zelaia hobeto aprobetxatuta 2,5 kilometroko zirkuitua egitea posible zen. Baiezkoa eman genuen, urtarrilaren 3rako. Baina ondoren, bigarren olatuaren ondoren, Eusko Jaurlaritzaren araudi berria etorri zen: ez kadete, ez jubenil, ez master, eta ez publiko, ezin zuten parte hartu. Orduan erabaki genuen ez egitea. Ez du zentzurik karrera bakarra egitekotan.
50. aldia izango zen. Urteak gehiago ditu, hala ere, probak.
1962an hasi zen. Hiru urte egon ziren egin gabe, 1976, 77 eta 78an; eta beste sei urte gero. Aurten tokatzen zen 50. aldia. Pena da ezin egin izatea. C2 mailako karrera egin nahi genuen. Baimena emanda zegoen, gainera. Maillot erakusketa eta hitzaldi bat ere prestatuta geneuzkan.
Zer suposatuko zuen nazioarteko proba izateak?
Europatik edozein ziklo-kroslari etor zitekeela korritzera. Ekonomikoki ere garestiagoa da, ia bikoitza. Animatuta geunden, udalak ere esfortzua egingo zuela esan zuen, enpresekin hitzartuta genuen ekarpena. Lana ere gehiago izango zen, gehiago findu beharra zegoelako.
C2 mailan zein lehia daiteke?
Edozein. Egun berean Munduko Kopako proba bat zegoen, eta besteren bat egin dute. C1 da nagusia, eta C2n frantsesak batik bat, edo puntuak lortzeko interesa zeukatenak etor zitezkeen. Espainiatik ere gehiago etortzeko aukera zegoen. Lehen mailakoak ez ziren etorriko, Munduko Kopakoa zutelako egun berean. Baina edoezein etor zitekeen.
Lehen ere eginak daude nazioarteko probak Ormaiztegin.
Bai, hiru: 1979an, 80an eta 86an. Euskal Herrian zortzi probarekin criterium bat egin zen 86an, chalenge modura, eta bat Ormaiztegi zen. Zortzi probetarako bost korredore izendatuta zeuden: Pascal Richard, munduko eta olinpiar txapeldun izandakoa, etorri zen, adibidez. Paul de Brauwerrek irabazi zuen Ormaiztegin. Orduan ekonomikoki asko suposatu zuen, baina izugarrizko jende pila etorri zen. Orduan ziklo-krosera jendea asko joaten zen, puri-purian zegoen.
Zenbatsu?
Karrera normal batean 2.000 pertsona etortzen ziren Ormaiztegira. Gaur egun, hori oso zaila da, lehen mailako futbolean eta beste gutxi batzuetan izan ezik, pentsaezina. Hainbeste aldatu da gizartea, hainbeste gauza daude ikusteko gaur egun…
Zuek segitzen duzue, hala eta guztiz.
Bai, ziklo-kroseko afizioa duen jende mordoxka etortzen delako oraindik. Ormaiztegin ere beti mantendu dugu afizioa. Antolaketan 5-6 lagun gara, eta lanean 30 bat aritzen gara; ondoren bazkari bat egiten dugu. Horretan ez dago arazorik. Enpresen, tabernen eta udalaren laguntza badugu, eta aurrekontua beti bete dugu. Gauza txiki asko dira, baina laguntza izaten da. Ni jubilatuta nago, eta denbora daukat.
Datorren urtean zer izango da?
Ez dakigu. Urte osoa daukagu pandemiak zer garapen izango duen ikusteko, eta zer egoera ekonomiko geratuko den ere auskalo. Espainia mailan, proba gehienak bertan behera utzi dituzte, eta Europan ere asko. Datorren urterako, lehenengo baloratuko dugu egiterik badagoen, eta, gero, zer mailatan egin daitekeen. Egiterik badago, lehen mailakoa zaila izango da, baina saiatuko gara.
Kirol arloan, zer abelera?
Beti bezala, baxu segitzen du. Kadete eta jubiletan mordoxka batek korritzen dute, baina 23 azpikoei kosta egiten zaie, edo ez diete uzten. Elitekoak ere asko ez dira izaten. Masterrak bai, jende asko ibiltzen da eta animatzen dira. Euren artean lehia egoten da, gainera. Zenbait tokitan, ziklo-krosa master horiek antolatzea ekarri du. Hori pozgarria da.
Lehen Iñaki Maiora eta Jose Ramon Izagirre bezala, orain Gorka eta Ion Izagirre edukitzearen zortea baduzue.
Libre baldin badaude, eta taldeak uzten badie momentuz Astanak uzten die, prest izaten dira parte hartzeko. Beti ere jendea erakartzen dute, eta gehiago animatzen dute ziklo-krosa. Lehengo igandea, gainera, egun polita zatekeen ziklo-kroserako: elurra egin zigun. Duela hiru urte ere dezente egin zuen, eta orduantxe etorri ziren onenak; izugarrizko karrera egin zuten.