Patinete elektrikoen abiadura zainduko du Beasaingo Udaltzaingoak
Udaltzainek hurrengo astean zaintza pedagogikoa egingo dute ibilgailu horien gidariei indarrean sartu den araudiaz informazioa emateko. Bestalde, urte berriarekin batera, Udaltzaingoak urteko egun guztietan eskaintzen hasi da zerbitzua Beasainen.
Urtarrilaren 2an araudi berria jarri zen martxan, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuentzat. Honela, datorren astetik aurrera Beasaingo Udaltzaingoak “motor elektrikoz bultzatutako gurpil bat edo gehiago eta plaza bakarra duten patineteetako gidariak informatzeko kanpaina” burutuko du. Araudi berriaren arabera, ibilgailu horiek “Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailutzat (MPI) hartzen dira ondorio guztietarako eta beraz, zirkulazio-arauak beteko dituzte, autoek eta motorrek bezala (alkohola, drogak, eta abar)”. Zirkulazio arauak bete behar izatetik kanpo geratzen dira mugikortasun urriko pertsonentzako ibilgailuak.
Patineteentzako arauak
Patinete elektrikoei dagokionean, 6 eta 25 km/orduko abiadura bitartean zirkulatu behar dute, “eta inoiz ezingo dute espaloietatik zirkulatu ezta oinezko guneetatik. Debekatuta izango dute, halaber, hiriarteko bideetan, zeharbideetan, autobideetan, autobietan edo hiri-tuneletan zirkulatzea”.
Zaintza pedagogiko horren barruan, “txirrinduek ezin dutela zirkulatu espaloi eta oinezko guneetatik” ere jakinaraziko zaie herritarrei.
Bestalde, MPIek edo mugikortasun pertsonaleko motor elektrikodun ibilgailuek zirkulazio-ziurtagiria beharko dute, “baldintza teknikoak betetzen dituztela egiaztatzeko. Baldintza horiek laster Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen batek jasoko dituen ezaugarrien eskuliburuan jasoko dira. Ziurtagiri hori nahitaezkoa izango da aipatutako ebazpena argitaratzen denetik bi urtera”.
Udaltzaingoa 365 egunez zerbitzua eskaintzen
Urte berriarekin batera, beste aldaketa bat ere izango da Beasainen: “udal gobernuaren legealdi planean jasota zegoen helburuetako bat bete dela, hots udaltzaingoak urteko egun guztietan zerbitzua eskaintzea. 2021ean sartzearekin batera, Beasaingo udaltzaingoa hasi da etenik gabe, asteburu zein jai egunetan udalerriari arreta eta zerbitzua eskaintzen”.