Arangoitiko egoiliarrek eta langileek ere jaso dute lehen dosia
105 pertsonek jaso dute txertoa, 67 egoiliarrek eta 38 langilek. Gainerako langileek datozen egunetan jasoko dute lehen txertoa. Bigarrena hilaren 28an jarriko diete.
Arangoitik egoitzako 105 egoiliarrek eta langilek jaso dute Covid-19aren aurkako txertoaren lehen dosia. Adinekoak osasunez zaurgarrienak izanik txertaketa kanpaina eurengandik eta ingurukoengandik hasi da. Arangoitin 39 egoiliar kutsatu dira gaitzarekin eta horietako hamarrek bizia galdu dute. Une honetan ez da kasu aktiborik. Txertoari esker hala jarraitzea da helburua baina orain arteko mugarik gabe.
Beasaingo Udalak adierazi duenez “normaltasun osoz” joan da goiza. 10:00etan hasi dira eta bi ordu eta erdi behar izan dituzte lehen dosia banatzeko. Bigarrena hilaren 28an jarriko da. 67 egoiliarrei eta gaurko lan-txandan zeuden 38 langileei jarri diete txertoa. Gainerako beharginei datozen hamar egunetan egokituko zaie, ospitalean kasu hauetan.
Ordiziako San Jose egoitzako egoiliarren eta langileen txanda izango da bihar. Legazpiko Santikutz egoitzan, berriz, astelehenean jasoko dute. Lazkaoko Txindoki egoitzara ere txertoak egun gutxiren buruan iritsiko dira. Hala, lehen itzulia amaitua eta txertoaren bigarren dosiaren banaketa hasiko da, Seguran. Hilaren 21ean izango da hori, lehen txertoa jaso eta handik hiru astera. Goierrin 269 txerto jarri dira jada, Beasainen, Seguran eta Zumarragan.