«Honaino heltzeko balio izan digu bidean egindako lanak»
Ahaztutako tiradireten geratu diren lan ugari idatzi eta gero, zuen ametsetako bat bete du Mikel Alvarezek (Beasain, 1982). ETB1eko Altsasu telesaileko gidoilarietako bat izan da.
Ikus-entzunezko ikasketak dituzu, Goierri Telebistan ezagutu zaitugu, orain gidoilari…
Nik beti garbi eduki dut istorio kontatzailea nintzela, eta horixe zen karrera amaitutakoan egin nahi nuena. Unibertsitatetik atera nintzenean Moriartirekin batera EITBrentzako telesail proiektu bat egiteko deitu zidaten, eta dezente garatu genuen arren, 2008-2010 inguruan egon zen krisiaren ondorioz kajoi batean geratu zen. Pena handia eman zidan, baina proiektu horri esker jende asko ezagutu nuen. Nire ametsa gidoilaria izatea zen arren, ez da lan erraza, eta dirua ere behar nuenez Goierri Telebistan sartu nintzen.
Telebistakoa bitarteko lan bat izan zela esan daiteke?
Gustura ibili nintzen, baina nire ametsa beste bat zen. Zortzi orduko lanaldia eta gero, etxera heldu eta gau osoa idazten pasatzen nuen. Garai hartan Katihotsakeko jendea ezagutu nuen, gaur egun Bira dena, eta haiekin batera egindako proiektu batzuei esker motibatuago sentitzen nintzen. Bidean geratutako proiektu ugari egin genituen, eta hori nahi ala ez frustragarria da. Esan bezala, ordu asko pasatzen nituen idazten, eta azkenerako ezin nuen gehiago. Goierri Telebista utzi, eta Katihotsakeko jendearekin batera Bira ekoiztetxea sortzea erabaki genuen.
Abenduan ETB1en eman duten Altsasu telesaileko gidoilari lanetan aritu zara. Zer moduzko esperientzia izan da?
Ikaragarria, amets bat izan da niretzat. Hasieratik argi eduki dut nire lana euskaraz egin nahi nuela, euskarazko edukiak falta direlako eta badakidalako zein zaila den hizkuntza honekin lan egitea. Bira ekoiztetxearekin hasi ginenean helburu batzuk ezarri genituen, eta helburuen artean nik aipatu nuen 5 urteren buruan grabatuko zen telesail bat idatzi nahi nuela. Azkenean helburuak ezarri genituenetik 2 urte igaro dira, eta Altsasu telesailan lan egitea lortu dugu.
Espero baino lehenago iritsi zaizu aukera, hortaz.
Gure proiektu asko bertan behera geratu ziren arren, bidean egindako lanak honaino heltzeko balio izan digu. Jorge Gil legazpiarra aipatu nahiko nuke, berak gomendatu ninduelako proiektu honetarako. Amets bat bete izanaren sentsazioarekin geratu naiz, baina baita ere olatu hau aprobetxatu beharra dudanaren sentsazioarekin. Hau ongi atera da, baina lanean jarraitu beharra daukagu.
Nola enfokatu duzue gidoia horrelako gai korapilatsu baten aurrean?
Arduratsuak izaten. Dokumentazio lan oso handi bat dago atzetik eta horri eusten saiatu gara uneoro. Hala ere, aipatu beharra dago aktoreak jartzen dituzun momentutik istorioa fikzio bihurtzen dela, eta gauza batzuk asmatu beharra izan ditugu. Dokumentazio lan hori Andoni de Carlosek egin du batez ere, berak eta Asier Urbietak. Asier hasieratik zuzendari lanetan aritu da eta bera izan proiektu honi hauspoa eman diona. Andonik gaiaren inguruan idatzita zegoen guztia irakurri zuen, hilabeteak pasa zituen horretan.
Kanpotik ez iruditu arren, dokumentazio lan handiago dago. Hori publikoak ez du ikusten.
Altsasuko gazteekin eta haien familiekin ere hitz egin genuen. Guardia Zibilarekin hitz egiten ere saiatu ginen, baina ez zuten nahi izan. Hala ere guretzat garrantzitsuena epaiketa izan da, zalantzarik gabe. Epaiketaren aktak lortu genituen, 450 orri dira guztira eta hori ikertzen ibili gara. Irakurketa astuna da, baina hori izan da gure gidaliburua.
Izandako harrera eta kritiken aurrean zer duzu esateko?
Hasieratik izan dugu harremana beraiekin. Telesaila botatzen hasi eta gero ere hitz egin genuen haiekin eta harrera ona izan da. Ikusleen feedbacka ere oso positiboa izan da, nabari da telesaila ulertu dutela eta ni alde horretatik oso gustura nago.
Proiektu honetatik zer irakaspen atera duzu?
Uste dut horrelakoetan norberak bere esparrura bideratzen duela begirada, eta nire kasuan ere halaxe egingo dut. Ni burugogorra naiz, eta ikasi dut talde lanetan askotan atzera egiten eta besteei pasatzen utzi behar zaiela. Proiektu honetan Harkaitz Canorekin lana egingo nuela esan zidatenean, pentsatu nuen lehenengo gauza izan zen: «Eta nik gizon honi zer esan behar diot? Zertaz kexatu behar naiz?». Lanean hasi ginenean ikusi nuen oso eskuzabala zela eta pentsatu nuen: «Harkaitz Cano bezalako profesional batek ateak zabaltzen badizkit, nik ere berdina egiten ikasi beharra daukat».
Aktoreekin eskuz esku ere aritu zara.
Bost astez filmazioko gidoigilea izateko aukera izan nuen. Altsasun, Bergaran, Segoviako kartzelan, Iruñean eta Oiartzungo super-kuartelean egon ginen. Aktoreekin lana egiteko aukera izan nuen, eta azkenean bigarren unitateak zuzentzen ere amaitu nuen, sekulakoa. Oso esperientzia gogorra izan zen, astelehenetik ostiralera 11 ordukoak lanaldiak, baina hala ere izugarria izan zen.
Zaila al da lan-baldintza horietan lan egitea?
Oso. Hondar Ahoak telesaileko zuzendari Koldo Almandozek elkarrizketa batean aipatu zuen moduan, jendea ez da kontziente baldintza hauetan grabatzea zer den. Alardea, Hondar Ahoak eta Altsasu telesailek aurrekontu berbera eduki dute. Ideia bat egiteko: Altsasu osoak, aurrekontu aldetik, Patriaren atal baten erdiak baino gutxiago balio du.
Aldea handia da, inondik ere.
Koldo Almandozek berak ere talentuaren kontua aipatzen zuen elkarrizketa horretan. Askotan jendeak esaten du talentua nahikoa dela, baina talentuak ez dio jendeari jaten ematen. Uste dut aurrekontuen konparaketa hau oso ona dela oraindik ere non gauden ikusteko.