Luis Zabaletak irabazi du Urretxuko merkatarien 2.200 euroko bonua
Zoila osagarri-dendan egindako erosketa bati esker lortu du saria. Egitasmoan 22 dendak parte hartu dute eta horietako bakoitzean 100 euro gastatzeko aukera edukiko du irabazleak
Zumarragako Igaraberri baserriko Luis Zabaletak irabazi du Urretxuko Iparragirre, Labeaga eta Nekolalde kaleetako 22 merkatarik zozkatu duten 2.200 euroko erosketa bonua. Zabaletak 100 euro gastatuko ditu egitasmoan parte hartu duen establezimendu bakoitzean.
Zabaleta oso pozik ageri da, noski. «Halako saria tokatu ondoren, nola ez naiz pozik egongo ba!». Ez da zozketa batean irabazi duen lehen saria. «Duela 15 bat urte, Urretxuko abenduko ferian, txahal bat irabazi nuen. Baserrian hazi genuen eta ondoren saldu egin genuen. Sariak beti izaten dira onak».
Oraingo hau Zoila osagarri-dendan egindako erosketa bati esker irabazi du. «Emazteari (Arantxa Fernandez) poltsa bat erosi nion. Olentzerotako oparia izan zen».
Zabaletak bolada ona bizi du: duela bi hilabete baino gutxiago jubilatu zen eta orain 2.200 euroko saria irabazi du. 45 urte eman ditu lanean, Legazpin, hain zuzen ere. Hasieran Patrizio Etxeberria enpresan eta azken urteetan CIE Automotiven.
Erretiroa hartu ondoren, denbora gehiago du baserriko lanetarako. «Baserrian behiak, ardiak, ahuntzak, astoak, baratzea… ditugu. Ez dut aspertzeko asti handirik».
Datozen asteetan aspertzeko asti gutxiago izango du oraindik. Izan ere, 2.200 euroak zertan gastatu erabaki behar du. 22 erosketa egin behar ditu, gutxienez. «Oraindik ez dut pentsatu zer erosi. Hiru seme-alaba eta bost biloba ditut. Beraz, badut non gastatu».
Denden zerrenda
Egitasmoan parte hartu duten 22 establezimenduak ondorengoak dira: Stylo ile-apaindegi eta jantzi-denda, Euskal Herria mineralak, Olg ile-apaindegia, Xarmanki edergintza, Aitxu liburu-denda, Opticalia Urretxu optika, Mayne ile-apaindegia, Oleta iturgintza, Elisabeth ile-apaindegia, Ink tatuaje eta piercing-ak, Ezpeleta argiztapena, Mi Tienda etxeko arropa,Paki eta Josetxo harategia, Mila okindegia, Izarra arrandegia, Aixa frutategia, Ederrena etxetresna elektrikoak, Marai&NKN jantzi-denda, Titare mertzeria, Aristizabal oinetakoak, Bidegorri kirol-denda eta Zoila osagarriak.
Zabaletak atzo jaso zituen bonuak. Zoila osagarri-dendako Zoila Agirrek eta Monty Fernandezek eman zizkioten 22 bonuak. Saltzaileak ere gustura ageri ziren, noski. «Luis eta Arantxa bezero onak dira. Dena herrian erosten dute eta asko poztu gara saria beraiek irabazi dutelako. Halako saria ematea oso pozgarria da. Eskerrak eman nahi dizkiegu erosketak herrian egiten dituzten guztiei», esan zuten.