Ormaiztegiko Udalak 1.557.493 euroko aurrekontua izango du
Pandemia egoeragatik 2020an egin ez dituzten bi proiektu burutuko dituzte 2021ean. Lehen mailako gizarte laguntzak %35 igoko dituzte. Zaborbilketa tasak %11ko igoera izango du
Ormaiztegiko Udalak 2021erako aurrekontua onartu du aho batez. 1.557.493 euro izango dituzte proiektu eta ekimenak egiteko. Pandemiak eragindako egoera dela eta Foru Funtseko diru-laguntza %9 inguru murriztu izanak eragina izan du aurrekontuan. Iaz egin ez zituzten bi proiektu burutuko dituzte.
Batik bat gizarte arloko zerbitzuak lehenetsiko dituzte: Gaztematika programa, adinekoen eguneko arreta zerbitzua eta kirol eta kultura zerbitzuak mantenduko dituzte. Zerbitzu berri bat jarriko dute martxan: Berdinbidean izeneko berdintasun politiken aldeko dinamizazio eta aholkularitza programan hartuko du parte udalak.
Diru laguntza programa ere bere horretan utziko dute, baina igoera batekin: lehen mailako gizarte laguntzen partida %35 igo dute. «COVID-19aren ondorioei aurre egiteko sor daitezkeen gizarte beharrei erantzuteko», azaldu du Jon Enrique Galarza alkateak. Tasak eta zergak gehientsuenak ere bere hartan utziko dituzte, zabor bilketari dagokiona izan ezik: «Tamalez honek %11ko igoera izango du, Sasietak udalari kantitate honetan igotzen dizkiolako». Hiru faktorek eragin dute igoera hori: Mutiloako zabortegiaren itxierak, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak 2021ean errefusa eta organikoaren prezioa %3 igo izanak eta paperaren eta kartoiaren prezioen beherakadak.
Leiho aldaketa eskolan
Helburuak egoerara egokituko dituzten arren, hainbat inbertsio aurreikusi dituzte. Zubipe kiroldegian gimnasioa egokituko dute; horretarako 21.434 euro erabiliko dituzte. San Andres Herri Eskolan 46.600 euroko inbertsioa egingo dute leihoak aldatzeko, eta beste partida bat, 43.057,58 eurokoa, baserri bideen eta kaleen konponketarako izango da. Udalaren komunikazio arloa indartzea ere dute helburu: «Udal app bat sortuz, herritar guztien eskura izango dena telefono mugikorretan; horrela herritarrak eta udalaren arteko komunikazio eta tramiteak erraztuko dira», azaldu du alkateak. 9.500 euroko inbertsioa izango da.
Iazko bi proiektu
Iaz egiteko bi inbertsio zituen aurreikusita Ormaiztegiko Udalak. Pandemiagatik, baina, ezin izan zituzten burutu, eta aurten egingo dituzte. Batetik, herriko argiteria berrituko dute Led sistema jartzeko; 12 urteko kontratua Tecuni enpresari esleitu zaio eta urte horietan ordainduko den kantitatea 599.342 eurokoa izango da. Bestetik, udal igerilekua berrituko dute; urtarrilean hasiko dira obrak eta 229.779 euro erabiliko dituzte.