«Sistemak sinetsarazi digu gure hilekoaren odola zikina dela»
Haurdunen bidelagun lanak oihalezko konpresen salmentarekin uztartzen ditu Uxue Urzelaik (Ordizia, 1988), hilekoa ikuspuntu konbentzionaletik harago bizitzeko hautuaren alde eginez.
Zeintzuk dira Doula baten egitekoak?
Doula garenok haurdun dauden pertsonei haurdunaldian, erditzean eta erditze ondorengo garaian akonpainamendu bat eskaintzen diegu. Ez gara emaginak, gure funtzioa pertsona hauei bide-laguntza emozionala eskaintzea da, izan ere aldaketa asko ematen diren momentuak izaten dira hauek, bai maila fisikoan eta emozionalean zein familia egitura eta bikote harremanetan. Erditzea prozesu itzela den arren, erditze ondo- rengorako ere prest egon behar dute gurasoek: ume bat zaintzea zer den, edoskitzea…
Eta zer formakuntza behar da?
Honetan lan egin ahal izateko formakuntza Bilboko Maya zentroan jaso nuen, amatasuna, yoga eta aipatutako laguntza hori lantzen dituena. Nire kasuan ikasturte oso bateko formakuntza jaso nuen eta alderdi asko landu nituen: zer den Doula baten laguntza, zein diren haurdunaldian ematen diren aldaketak, erditzean zer gertatu daitekeen, edoskitzearen gaineko aholkularitza irizpideak…
Doula zerbitzuak eskaintzeaz gain, oihalezko konpresak ere egiten dituzu. Nola bururatu zitzaizun ideia hori?
Duela hiru urte hasi nintzen gutxi gorabehera. Hamar urtez egon nintzen kopa menstruala erabiltzen, baina sentitu nuen odola kopan gordeta eduki ordez, nahiago nuela odol hori libreki askatzea. Jakin banekien oihalezko konpresak existitzen zirela, baina ez nituen aurkitzen, eta horregatik hartu nuen nire konpresak egiten hasteko erabakia. Nire hilekoa hobeto ezagutu nahi nuen, modu kontzienteago batean bizi, eta oihalezko konpresak oso lagungarriak izan ziren prozesu horretan. Garai hartan langabezian geratu nintzen, eta pentsatu nuen: «Uxu, produktu ona da, jasangarria, ekologikoa eta kontzientziatzen laguntzen du. Eutsi horri». Pixkanaka geroz eta jende gehiagok eskatzen zidan: lagunak, ezagunak… Eta erabaki nuen fokua hor jartzea.
Zergatik oihalezkoak?
Alde batetik, kontzientzia ekologikoagatik hartu nuen oihalezko konpresak erabiltzen hasteko erabakia, konpresa eta tanpoi konbentzionalak sortzea eta behin erabili ondoren hondakin bezala gestionatzea sarraski hutsa delako. Bestalde, osasunaren aldeko hautu bat bezala ere bai, izan ere, tanpoi eta konpresa konbentzionalek erabiltzen dituzten zuritzaile, lurringai eta lixibak gure uteroan, azalean… osasun arazoak sor ditzaketelako, eta hau ekidin nahi nuen. Horrez gain, nire hilekoa hobeto ezagutu nahi nuen, eta produktu honen bitartez oso erraza da nire hilekoaren ezaugarriak zein diren ikustea: odolaren kolorea, testura, odolbildurik dagoen edo ez… Bestalde, aipatu dudan bezala, odola bere kabuz erortzea nahi nuen, ez nonbait harrapatuta geratzea.
Jendeak askotan uste du oihalezko produktu hauek ez direla efektiboak, eta odola praka edo dena delakora igaro daitekeela pentsatu ohi da. Zenbatean behin aldatu beharko lirateke?
Pertsona bakoitzaren odol kantitatearen arabera da hori, gainerako metodoekin bezala. Nik 5 neurri ezberdin sortu ditut, izan ere, jende askorekin norbere hilekoaren inguruan hitz egin ondoren, konturatu naiz pertsona bakoitzaren hilerokoa mundu bat dela.
Orduan, zenbatean behin aldatu? Norbere hilerokoaren arabera. Egia da odola arropara pasatzeko arriskua dagoela, baina gainerako konpresa eta tanpoi konbentzionalekin ere gertatu daiteke hori, hauek ere momenturen batean gainezka egiten dutelako. Hori ez gertatzeko, norberak kalkulatu behar du zenbatean behin komeni zaion aldatzea, gainerako metodoekin bezala.
Zein material erabiltzen duzu?
Nire konpresak kotoizkoak dira %100ean, ez daukate kapa iragazgaitzik, ez nuelako plastikorik erabili nahi. Erabaki hori modu kontzientean hartu nuen, izan are nik probatu ditudan telazko konpresa iragazgaitzek hanka tartean sortzen duten berotegi-efektua, konpresa konbentzionalek sortzen dutenaren berdina da.
Eta zenbat iraun dezakete?
Iraupena erabileraren araberakoa da, baina ongi zainduz gero, 2 urte iraun dezakete lasai asko. Diruari dagokionez, hasieran inbertsio bat eskatzen du, baina epe luzera askoz ekonomikoagoa da.
Askok zikintzat jotzen dituzte , eta zakarrontzira bota ordez garbitu beharra izateak nazka ere ematen dio jende askori. Zer mezu emango zenieke?
Jende horri esango nioke animatzeko eta probatzeko. Ongi pentsatuz gero, gainerako metodo konbentzionalak baino askoz garbiagoak dira, ez baitute gorputzarentzat kaltegarriak diren inongo plastiko edota kimikorik. Konpresa hauek inongo arazorik gabe garbitzen dira, kuleroak garbitzen diren bezala edota arropa garbitzen den bezala. Hilekoa gure bizitzako zati bat da, gure parte da. Bizi dugun sistema heteropatriarkalak sinestarazi digu gure hilekoaren odola zikina dela, emakumearen gainontzeko fluidoak bezala. Uste dut badela garaia gure bizitzaren parte diren gauza hauek ezagutzera eman eta normalizatzeko.
Urzelai marka du sortua produktuak merkaturatzeko
Doula hitzak Grezia zaharreandu jatorria, eta esklabo hitzaren adiera du. Mespretxuzko zentzu hori dela eta, erditze-laguntzaile adiera da azken urteotan mendebaldeko gizartean nagusitzen ari dena. Lan hori oihalezko konpresak egin eta saltzearekin bateratzen du ordiziarrak, eta horiek merkaturatzeko Urzelai marka sortu du.
Hainbat dira harekin harremanetan jartzeko bideak. Eskaerak telefonoz (634 449 492)eta posta elektronikoz egin dakizkioke: urzelai@gmail.com. Sare sozialak ere erabil daitezke: Instagramen @uurzelai kontura idatziz eta Facebook-en Urzelai orrialdean sartuz.