«Aitonak alzheimerra izan zuen 30 urtez eta amonak zaindu zuen»
Jon Cadiernok (Zumarraga, 1990) 'Silencio' nobela argitaratu du. Liburu honetan bere bizitzaren eta sentimenduen berri ematen die alzheimerra izan zuen aitonari eta zaindu zuen amonari.
‘Silencio’ zure lehen nobela da.
Orain arte ipuinak idatzi ditut eta oraingoan nobela bat idaztea erabaki dut. Iaz hasi nintzen. Denbora gutxi nuen eta konfinamendua primeran etorri zitzaidan. Orduan hartu nuen martxa. 70 bat orrialdeko nobela labur bat da.
Zein da istorioa?
Aitonari (Ramiro Cadierno) eta amonari (Maria Anjeles Lizarralde) omenaldia da. Nire aitonak alzheimerra izan zuen 30 urtez eta amonak zaindu zuen. Ni jaio nintzenerako alzheimerra nahiko garatua zuen. Galdu zuen lehenengo gauzetako bat hitz egiteko gaitasuna izan zen eta ez nuen inoiz berarekin elkarrizketa bat izateko aukerarik izan. Hori beti buruan izan dut. Liburuan nire bizitzaren errepasoa egin dut: nire bizitza kontatzen diet aitonari eta amonari. Amonak aitona zaindu zuen eta horrek markatu egin ninduen. Gainera, amona nire bigarren ama izan da eta aitonaren gaitzaren prozesua gertutik jarraitu nuen.
Zer kontatzen diezu liburuan aitonari eta amonari?
Ezberdin sentitzeari buruz hitz egiten diet batez ere. Mundu honetako araudiarekin bat ez etortzeagatik sortzen zaizkizun zalantzei eta beldurrei buruz. Hausnarketa sakon bat da.
Noiz hil zen zure aitona?
Aitona 2016an hil zen. Azken 15 urteak ohean eman zituen. Asko iraun zuen. 80 urterekin hil zen. Ordurako alzheimerra oso garatuta zuen. Amonak oso ondo zaindu zuelako iraun zuen horrenbeste. Eta horrek ere asko markatu ninduen.
Urte luzetan aitona ondoan eduki eta berarekin hitz egiteko aukerarik ez izatea gogorra izango da.
Hala da. Horregatik idatzi dut liburu hau. Aitonari buruz dudan irudia ingurukoek eraiki dutena eta ondoren niri pasa didatena da. Izan ere, nik beti gaixo ezagutu nuen. Aitonari buruz dakidan guztia amonak eta gurasoek kontatutakoa da. Beraiek esanda dakit zer egin zuen eta nola pentsatzen zuen. Hala, homosexuala naizela kontatu izan banio, ondo hartuko zuela uste dut. Maitasuna eta errespetua erakutsiko zizkidala uste dut. Liburuak horri guztiari buruz hausnartzeko balio izan dit.
Zer dakizu aitonari buruz?
Zamorako herrixka batean jaio zen: Cañizo de Camposen. Artzaina zen. 1956an, beste askok bezala, jaioterria utzi eta Zumarragara etorri zen. Amona, berriz, Zumarragakoa da jaiotzez.
Amonak meritu galanta du.
Hala da. Gainera, aitona gaixo jarri aurretik, aitonaren ama zaindu behar izan zuen. Urte asko eman ditu zaintzaile lanetan eta horrek bere osasunean eragina izan du. 78 urte ditu, baina ahul samar dago. Ibiltzeko zailtasunak ditu eta autoa behar du. Oraindik autoa gidatzen du. Burua oso ondo du eta plazera da beti berarekin hitz egitea. Oso pertsona indartsua da eta nire inspirazio iturria izan da beti. Gauza asko irakatsi dizkit. Horien artean, hainbat eta hainbat balore.
Zutaz harro egongo da…
Liburua bukatu nuenean, familiarekin partekatzea kosta zitzaidan. Izan ere, bertako hausnarketa batzuk beraiekin partekatu gabea nintzen. Eskuizkribua amonari pasa nion eta egun batzuk utzi nizkion irakurtzeko. Irakurri ondoren, telefonoz deitu zidan eta oso harro eta oso hunkituta zegoela esan zidan.
Abenduko arte eta artisautza azokan parte hartu zenuen.
Oso goiz polita izan zen. Jende asko gerturatu zen eta 60 ale saldu nituen. Postaz ere dezente bidali ditut. Zumarragarren gertutasunak asko pozten nau. Herritarrek beti babesa eskaini didate. Zumarragan postua jartzea plazera da. Jendea gerturatzea, liburua irakurriko dutela esatea… hori jaioterrian bakarrik gerta daiteke.
Aurreko liburua argitaratu zenuenean Gasteizen bizi zinen. Non zabiltza egun?
Duela urte eta erdi Madrilera etorri nintzen. Nire senarra Madrilen bizi da eta Gasteizen egiten nuen lana bukatu bezain laster Madrilera etorri nintzen. Geografoa naiz eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren beka batekin, aldaketa klimatikoaren komunikazioari buruzko lan bat egiten ari naiz. Madrildik lan egiten dut, baina lan praktikoa Donostian egiten dut. Hori dela eta, noizean behin Donostiara joaten naiz.