Euskal presoen aldeko mobilizazioak deitu ditu Sarek bihar arratsalderako
Goierriko hamasei herritan gizarteratuko dituzte euskal presoen eta senitartekoen aldarriak elkarretaratzeekin, manifestazioekin eta bestelako ekintzekin. Kanpaina ekonomikoa ere abiarazi dute
Euskal presoek mugaren bi aldeetan bizi duten eskubideen urraketa desagerraraztea, hori izango da bihar, Euskal Herriko 200dik gora herritan Sare plataformak deitu dituen mobilizazioetan aldarri nagusia. Bidea gara lelopean, Goierrin, herri hazienetan egingo dira elkarretaratze, manifestazio eta bestelakoak, urruntze politika amaitzea eta euskal presoei gradu progresiorako modua ematea eskatzeko. Goierrin 12 preso daude.
Aurten, COVID-19ak ez ditu posible egin urtarrileko Bilboko eta Baionako manifestazio nazionalak. Sare plataformak azaroan hartu zuen bi mobilizazio jendetsu hoiek saihesteko erabakia. Hala izanda ere, eta hitzordu horiei alternatiba bilatuz, herrietan eta auzoetan deitu ditu mobilizazioak Sarek.
Antolatzaileen esanetan, bi aldarri nagusituko dira aurtengo mobilizazioetan. Batetik, urruntze politikarekin behingoz amaitzea. «Aldaketa batzuk ematen hasiak diren arren, oraindik ere, ez da benetako hauturik egin urruntze politikarekin amaitzeko. Euskal presoek Euskal Herriko espetxeetan egoteko eskubide osoa dute, legeak hala jasota. Ondorioz, aurtengo urtarrilean ere, aldarri hau lehen lerroan ezarri dugu, senideei orokorrean eta bereziki haurrei eta nagusienengan duen eragin zigortzailea ahaztu ezinean».
Bestetik, euskal presoei sistematikoki ukatu izan zaien eta etxerako bidea ahalbidetzeko behar-beharrezkoa den gradu progresioa ezartzearen eskakizuna ere egingo da bihar. «Izan ere, oraindik 107 dira lehen graduan jarraitzen duten presoak, eskubide ugari murrizten zaizkielarik».
Mobilizazioak Goierrin
Askotarikoak izango dira protesta egiteko moduak Goierrin. Ataunen, Ezkion, Itsason, Gabirian, Idiazabalen, Itsasondon, Legazpin, Legorretan, Ormaiztegin, Seguran, Urretxun eta Zumarragan, Zaldibian eta Zegaman, elkarretaratzeak deitu dituzte, herrietako plazetan.
Lazkaon, Beasainen eta Ordizian, berriz, manifestazioak deitu dituzte, beti ere, COVID-19aren hedapenaren aurkako segurtasun neurri guztiak hartuta. Ordizian, 17:00etan abiatuko dira Zuhaizti ingurutik eta Plaza Nagusian emango diote amaiera ekitaldiari.
Lazkaon ere 17:00etan abiatuko dira. Herriko plazan hasi eta bukatuko da. Arratsaldeko manifestazioaz aparte, goizean zehar, euskal presoen alde Kilometro erronka egingo dute. Oinez, korrika edo bizikletan egin daiteke. Helburua da, ahalik eta kilometro gehien egitea. 30 minutuko txandetan burutuko da erronka eta parte hartzeko izena ematea komeni da. Gainera, goiza girotzeko apustuak egingo dira, partehartzaile kopurua eta lortuko diren kilometroak asmatzeko. Erronkan parte hartu nahi eta ezin duenak, kilometroa erosi dezake 0,50 euroren truke.
Beasainen, Igartza ingurutik abiatuko dira, 17:30ean. Herriko kaleak zeharkatuko dituzte, Loinazko San Martingo plazara iritsi aurretik. Beasainen gainera, deialdi berezia egin dute. Izan ere, motxiladun hiru haur daude herrian. Motxiladun haurrek, beren gurasoak gertu nahi dituzte, eta hori aldarrikatzeko patinetearekin joango dira protestara. Haiekin bat egitera animatu dituzte larunbateko manifestazioan parte hartuko duten gainontzeko haur guztiak.
Kanpaina ekonomikoa
Bilboko eta Baionako hitzordu jendetsuak ezin egin izatearen ondorioz, Sarek bertan jasotzen duen diru-ekarpen masiboa ere ezingo du jaso, eta lanean jarraitzeko «ezinbestekoa» da ekarpen hori plataformarentzat. Gauzak horrela, 2€=2m2 kanpaina abiatu dute, herriz herri egingo diren mobilizazioetan egingo den kale okupazioa aintzat hartuta, pertsona bakoitzak herriko plazan okupatuko duen metro koadroari erreferentzia eginez. Metro karratu hori eskuratu eta ekarpena egiteko sare.eus/2euro2m2/ webgunean sartu behar da. Mobilizazioak egingo diren herrietan ere egin daitezke ekarpenak.
MOBILIZAZIOAK
Urtarrilak 9 larunbata
- Ataun. San Martingo Plazan, 17:00etan.
- Beasain. Igartzatik, 17:30ean.
- Ezkio. Herriko plazan, 17:30ean.
- Gabiria. Herriko plazan, 17:30ean.
- Idiazabal. Herriko plazan, 17:30ean.
- Itsaso. Herriko plazan, 17:30ean.
- Itsasondo. Herriko plazan, 17:30ean.
- Lazkao. Herriko plazan, 17:00etan.
- Legazpi. Euskal Herria plazan, 17:30ean.
- Legorreta. Herriko plazan, 17:30ean.
- Ordizia. Arboledatik, 17:00etan.
- Ormaiztegi. Herriko plazan, 17:30ean.
- Segura. Herriko plazan, 17:30ean.
- Urretxu-Zumarraga. Gernikako Arbola plazan, 17:30ean.
- Zaldibia. Herriko plazan, 17:15ean.
- Zegama. Herriko plazan, 17:30ean.