Goierrik 70.000 biztanleren kopurua gainditu du azken errolda ofizialean
Espainiako Estatistika Institutuak argitaratu dituen datuetan, 70.225 bizilagun eman dizkio eskualdeari. 2020ko urtarrilekoak dira. 15 udalerrik irabazi dute biztanleria
Udalerri bateko biztanleen errolda ofiziala Espainiako INE estatistika institutuak ezartzen du. Abenduaren 30ean argitaratu zituen 2020ko datuak, urtarrilaren 1eko datakoak. Nahiz eta urtebete igaro den, horiek dira balio ofiziala duten azkenak. Goierrik 70.225 biztanle dauzka, lehenengo aldiz hirurogeita hamar milako sabaia gaindituta.
Azken hiru urteetako goranzko joera berretsi du biztanleriak eskualdean. 2016tik 2017ra jaitsiera izan ondoren, 740 bizilagun gehitu ditu harrezkero. 2019tik 2020ra, berriz, 319 gehiago (%0,5eko hazkundea).
Goierriko 22 udalerrietan, baina, ezberdin egin du urte arteko aldeak. 15 herrik irabazi dute biztanleria. Zenbaki absolutuetan, gehien Ordizia hazi da, 109 lagun gehiagorekin. Lazkao (88) eta Beasain (58) dira ondoren gehien hazi direnak. Proportzionalki, aldiz, Zerain igo da gehien, %4,2; Mutiloa, gero (%2,4).
Gaintzan galerak etenik ez
Bizilagun kopurua galdu dutenak zazpi udalerri dira: Altzaga, Ezkio-Itsaso, Gaintza, Idiazabal, Legazpi, Ormaiztegi eta Zegama. Jaitsiera nabarmenena, kopuru absolutuetan, Legazpik izan du, 50 herritar gutxiago. Proportzioan, Gaintzak: %5,5 behera. Bost urte lehenagoko minimoa berdindu du Gaintzak, eta 121 biztanlerekin, Goierriko txikiena da demografikoki.
Udalerrien neurriei dagokienez, 300 biztanletik beherako bost herri daude Goierrin: Altzaga, Arama, Gaintza, Mutiloa eta Zerain. 301-1.000 artekoan lau dira (Olaberria, Itsasondo, Ezkio-Itsaso eta Gabiria). Olaberriak, 2016ik 16 bizilagun irabazita, milako mugari begira jarri da.
Zazpi herrik osatzen dute 1.000-2.500 bitarteko multzoa. Horietatik hiruk 1.500 baino gutxiago dituzte (Legorreta, Ormaiztegi eta Segura), eta gehiago Ataun, Idiazabal, Zaldibiak eta Zegamak.
Beasain, 14.000ra hurbildu
Herri hazienen seikotean, Beasain ozta-ozta geratu da 14.000ra iritsi gabe: 13.938 bizilagun ditu, Goierriko hazienak. Legazpik izan ezik, gainontzeko bost handienek biztanleria irabazi dute.
Goierri beheko hirigunean (Beasain, Ordizia eta Lazkao batuta) 30.271 bizilagun bizi dira, azpieskualdeko populazioaren %67,7. Goierri garaiko hiru herri handienen artean (Zumarraga, Urretxu eta Legazpi) 24.884 dira (azpieskualdeko %97,6).
Goierri beheak 44.740 biztanle ditu, eta garaiak 25.485.