Astelehenean zabalduko dute berriz Idiazabalgo Pilarrenea eguneko zentroa
Itxita egon da abenduaren 23az geroztik, langile batek eta erabiltzaile batek positibo eman zutelako COVID-19 proban. Gerora beste bi langilek eta bost erabiltzailek eman dute. Behin isolatze epea pasatuta, astelehenean zabalduko dute atzera.
Abenduaren 23az geroztik itxita egon ondoren, astelehenean irekiko dute atzera Idiazabalgo Pilarrenea eguneko zentroa, Idiazabalgo Udalak jakitera eman duenez.
Lehen egunean langile batek eta bi erabiltzaileek positibo eman zuten koronabirusa detektatzeko proban, eta hasiera batean itxiera urtarrilaren 4rarte aurreikusi zen Idiazabalgo Udaleko Gizarte Zerbitzuen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik.
Proba berriak egin ondoren ordea, beste bi langilek eta 5 erabiltzailek ere positibo eman zuten. Guztira, beraz, 3 langile eta 7 erabiltzaile izan dira proban positibo eman dutenak. Egoera honen ondorioz itxiera luzatu behar izan da.
Agerpena izan zenetik, indarrean diren protokolo guztiak aktibatu dira, eta behar gehien zuten erabiltzaileak Ordiziako Egoitzara eraman dira. “Zorionez, COVID-19a izan duten guzti-guztiak egoera onean daude, eta izan dituzten sintomak arinak izan dira”, azaldu du udalak ohar bidez..
Familia eta langile guztiei esker ona ere adierazi die, “egoera zail honen aurrean erakutsi duten borondate, ulermen eta profesionaltasunagatik”.