Elurpean bada ere, bidea egiten
Goierriko hamasei herritako ehunka eta ehunka lagun kalera atera dira gaur arratsaldean Sarek euskal presoen eskubideen alde 'Bidea gara' goiburupean antolatu dituen mobilizazioetan. Elkarretaratzeak eta manifestazioak egin dituzte. Bideoa eta argazkiak albistearen barruan.
Euskal preso eta iheslarien etxeratzea exijitzeko asmoz, Sare Herritarrak eta Bakegileek deituta, 239 hiritan, herritan eta auzotan egin dira gaur mobilizazioak Bidea gara. Etxeratzeko, Elkarbizitzarako, Bakerako goiburupean; gehienak, 17:30ean. Hala ere, 414 herrik egin dute bat deialdiarekin, horietatik 16 Goierrikoak. Manifestazioak eta elkarretaratzeak egin dituzte, elurpean kasurik gehienetan. Bilbon eta Baionan egin dira ekitaldi nagusiak, eta Sarek jakinarazi duenez mobilizazioek «inoizko» ordezkaritza politiko, sindikal eta sozial zabalena izan dute.
Adostasuna helburu
Sarek eskerrak eman nahi izan dizkie aldarrikapenarekin bat egin duten eragile eta norbanako guztiei. «Sarerentzat, oso garrantzitsua da desberdinen arteko adostasun eta akordioak lortzea, euskal presoei aplikatzen zaien salbuespenezko espetxe politika honekin amaitu eta bizikidetzan eta konponbidean aurrera egiteko». Haren arabera, horretarako «ezinbestekoa» da gizarte aktibazioa ere. «2021 konponbidearen urtea izan behar da, eta guztion artean lortuko dugu».
Goierriko hamabi preso
Hamabi dira preso jarraitzen duten goierritarrak, eta horietatik bakarra da Euskal Herrian dagoena, Oskarbi Jauregi zaldibiarra, Martutenen. Espetxe politikan aldaketak ematen ari dira, eta Jauregiren Euskal Herriratzeaz gain, Goierriko beste zazpi Euskal Herritik gertuago dauden kartzeletara ekarri dituzte. 2020an urte asko preso zeramatzaten bi gelditu ziren aske, biak ordiziarrak: Irailaren 27an Rufino Arriaga (23 urte kartzelan) eta abenduaren 11n Pako Mujika (28 urte kartzelan).
Motxiladun umeak ere badaude Goierrin. Oskarbi Jauregik eta Idoia Mendizabal ordiziarrak bina haur dituzte, eta Mikel Azurmendi, Lierni Armendaritz eta Iban Apaolaza beasaindarrek, bana.