Beasaingo PSE-EEk herritarrei ez erlaxatzeko eskatu die
Txertaketarekin pozik agertu dira baina oraindik asko dagoela egiteko gogoratu dute
Beasaingo PSE-EEk herritarrei Covid-19aren aurkako neurriak zorrotz betetzeko eskatu die. “Pandemia hau errotik desagertzeko esfortzu handia egin beharko dugu eta beasaindarren laguntza eskatzen dugu. Arriskuak ez gutxietsi eta arduraz jokatzen jarraitu gure eta gure ingurukoen osasuna babesteko”, aipatu du Eva Alvarez bozeramaileak ohar bidez.
Txertaketaren inguruan itxaropentsu hitz egin du. “Aurrekaririk gabeko osasun-, ekonomia- eta gizarte-krisia eragin duen pandemiaren amaieraren hasiera da”. “Urte amaierarako” “bizimodu normala” berreskuratzeko txertoa “urrats handia” dela aitortu du, baina bide luzea dagoela aurretik azpimarratu du. Azkenik, esker oneko hitzak izan ditu Arangoitiko langileentzat eta egoiliarrentzat, une zailenetan ere lan “bikain eta beharrezkoa” egin dutelako.