Debekuak betearazteko neurriak indartuko ditu udalak
Udaltzaingoaren presentzia areagotu egingo da. Herritarrei erantzukizunez jokatzeko eskatu die Artola alkateak
Beasaingo udalak kutsatzeak eteteko neurriak indartuko dituela iragarri du. “Osasun Publikoarekin etengabeko harremanean, elkarlanean jarraitzen du Beasaingo Udalak eta beraiekin adostutako neurriak bete daitezen lan egingo du, azken emaitzak behartuta, aholkuak ematea baino debekuak zorrotz betearaztea beharrezkoa da eta”.
Udaltzainen presentzia hazi egingo da. “Aipatutako neurriak betearazteko eta debekuak saltzeko eginkinzunean jardungo da udaltzaingoa”. Hauek dira arauetako batzuk: debekatuta daude sei pertsona baino gehiagoko bilkurak; 22:00etatik 06:00etara etxeratze agindua dago; ostalaritzak itxita egon behar du; eta osasun neurriak ezinbestean bete behar dira. Gainera, Beasain eremu gorrian dagoenez, bihartik aurrera ezingo da herrigunetik irten.
Beasainen kutsatu kopurua gora doa eta 763 laguneko intzidentzia metatua du. “Eguberriak utzitako ondorioa izan da”, arrazoitu du udalak. Herritarrei “zuhurtziaz eta arduraz” jokatzeko eskatu die Leire Artola alkateak. “Pandemia hau desagerrarazteak ahalegin handia eskatzen ari digu. Beasaindarren laguntza eskatzen dugu, arriskua gutxitzeko eta gure osasuna eta gainerako bizilagunena babesteko”.
Artolak azpimarratu du udaltzainek ez dituztela gainerako betebeharrak alboratuko. Urtarrilaren 1az geroztik urteko 365 egunetan ari dira lanean. Udalak gogoratu du legealdi hasieran hartutako konpromisoa dela honakoa.