EAGren aldeko plataforma legebiltzarrera gonbidatu du EH Bilduk
Legebiltzarkideek plataformako kideen iritzia ezagutzea nahi dute. Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako alkateei EAGaren alde borrokatzeko eskatu diete
EH Bilduk Zumarragako anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunearen (EAG) aldeko plataformak legebiltzarrean aurkezpena egitea eskatu du.
Plataforma honen eskaera EAG egunero irekitzea da. Izan ere, koronabirusa iritsi aurretik egunero irekitzen zen. Egun asteburu eta jai egunetan bakarrik irekitzen da. Gainontzeko egunetan larrialdi bat dagoen bakoitzean telefonoz deitu behar da eta arduradunek Beasaingo anbulatoriora edo ospitalera bideratzen dute deia egin duen bizilaguna.
Osasun arloko langileek eta herritarrek hilabeteak daramatzate EAGren irekiera eskatzen eta EH Bilduk lehen unean bat egin zuen eskaera honekin. «Badira hilabeteak lanean ari garela EAGa berriz ireki dadin murrizketarik gabe. Salaketa publikoak egin ditugu, Osasun sailburuari bi galdera parlamentario egin genizkion Eusko Legebiltzarrean eta Legez Besteko Proposamen bat ere egin genuen legebiltzarrean EAGa berriz ireki zedin eskatuz. Baina, murrizketak jarraitzen duenez EAGa lehen bezala ireki arte lanean jarraituko dugu, herritarrek eta eskualdeak merezi duen osasun zerbitzu publikoa izan arte».
Udazkenean plataforma sortu zen eta EH Bilduk legebiltzarkideek plataformaren eskaeren berri izatea garrantzitsua dela uste du. «Komenigarria eta beharrezkoa ikusi dugu plataforman bildu diren herritarren iritzia eta kezkak ezagutaraztea Eusko Legebiltzarrean. Beraz, aipaturiko plataformako kideak legebiltzarrera gonbidatzea eskatu dugu, euren eskutik ezagutu eta kontrastatzeko EAGren zerbitzuarekin zer gertatu den eta zer ondorio ekarri dituen. Horrela, parlamentariek zuzenean ezagutuko dituzte herritarrek dituzten kezka osasun publikoarekin eta lehen arretaren zerbitzuaren murrizketarekin. Eskaria abenduaren 31n erregistratu genuen eta oraindik ez dugu erantzunik jaso, baina laster jasotzea espero dugu».
EAJ eta PSE-EE
Bestalde, EH Bildu oso kritiko ageri da EAJ eta PSE-EEren jarrerarekin. «EAG murrizketarik gabe irekitzearen alde dauden argitzeko eskatzen diegu EAJ eta PSE-EEri. Oso harrituta eta kezkatuta gaude EAJ eta PSE-EEren inplikazio faltarekin. EH Bilduk EAGa orain arte bezala irekitzeko egindako Legez Besteko Proposamenari ezezko boto ulertezina eman zioten legebiltzarrean eta udaletatik ere ez dira indarra egiten ari herritarren eskaerei erantzuteko eta eskualdeko honetako herritarrek merezi duen osasun zerbitzu publikoa defendatzeko. Udalek eta zehazki EAJ eta PSE-EEk egiten ez dutena, herritarrak ari dira bultzatzen. Herritarrak inoizko mobilizazio handienak egiten ari dira eskualdeko osasunaren alde eta ez da ulertzen Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko udal gobernuak izaten ari diren jarrera».
Hori dela eta, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako alkateei EAGren alde borrokatzeko eskatu diete. «Bergara, Elgeta eta Antzuolako alkateek egin bezala, elkartu daitezela Osasun sailarekin eta eska dezatela EAGaren irekiera murrizketarik gabe. Antzuola, Bergara eta Elgetakoek Bergarako EAGa berriro irekitzea lortu dute».