Isolatze epea beteta, berriz ireki dute Pilarrenea zentroa
Berriz ireki dute Idiazabalgo Pilarrenea Eguneko Zentroa. Atzo izan zen irekiera. Abenduaren 23an itxi zuten, langile batek eta bi erabiltzailek positibo eman zutelako koronabirus proban. Nekane Imaz eguneko zentroko kideak azaldu du «normaltasunez» eta «lasai» itzuli direla.
COVID kasuak atzeman ondoren, urtarrilaren 4ra arte aurreikusi zuten Gizarte Zerbitzuek eta aldundiak zentroa ixtea, baina gainontzeko langileei eta erabiltzaileei ere probak egin zizkieten eta beste bi langilek eta 5 erabiltzailek ere positibo eman zuten. Guztira, beraz, 3 langilek eta 7 erabiltzailek eman dute positibo koronabirus probetan.
Hori dela eta, Pilarrenearen itxiera luzatu dute, eta atzo ireki zuten berriz, isolatze epea beteta, hiru aste eta gero. Idiazabalgo Udalak ohar baten bidez adierazi du agerpena izan zenetik, «indarrean diren protokolo guztiak aktibatu» direla, eta «behar gehien zuten erabiltzaileak» Ordiziako Egoitzara eraman dituztela: «Zorionez, COVID-a izan duten guzti-guztiak egoera onean aurkitzen dira, eta izan dituzten sintomak arinak izan dira».
Erabiltzaileak, «lasai»
Idiazabalgo Udalak oharrean senide eta langile guztiei «esker ona» adierazi die «egoera zail honen aurrean erakutsi duten borondate, ulermen eta profesionaltasunagatik». Nekane Imaz zentroko kideak azaldutakoaren arabera, gogotsu itzuli dira erabiltzaileak. Hamabost kide dira eguneko zentroan, eta horietatik 10 dagoeneko bueltatu dira: «Orain Ordizian egon diren bi lagun etortzea falta da, bihar etorriko direnak, eta beste hiru medikuaren altan zain daude».
Imazek gehitu du senideak ere «lasai» egon direla isolatuta egon diren tartean sintoma arinak izan dituztelako.













