Itsaso-Gueñes tentsio handiko linea berriaren dorreak eraiki dituzte
Itsasoko estazio elektrikotik abiatuta, Gabiria, Ezkio, Zumarraga eta Legazpi zeharkatuko ditu Goierrin. 400 kilovolt garraiatuko ditu, bi norantzetan. 73,5 kilometroko lineak 132 dorre garai ditu
Goi tentsioko 400 kilovolteko indarra bi norabidetan garraiatuko duen Itsaso-Gueñes linea bikoitza ari da eraikitzen REE Red Electrica de España enpresa. 11 urte eta hamaika gora-behera igaro duen proiektuaren neurria eta eragina begibistakoa da dagoeneko, altzairuzko dorre handiak altxatu dituztelako. Oraindik haririk ez dute bota instalazio berrian, baina azpiegitura aurreratuta dago, bai ibilbidean, bai korapilo izango den Itsasoko argindar zentralean, instalazioak zabalduta.
Itsasotik Gueñeseko (Bizkaia) estazio elektrikora, 73,5 kilometro luze izango da linea berria. 400.000 volteko indarra garraiatuko du, bi norabideetan. 60 milioi euroko aurrekontua du REEk, eta aurtengo urtean jarri nahi du zerbitzuan linea, 2021eko bigarren erdian.
26 udalerritatik igaroko da linea, 8 Gipuzkoan eta Goierrin Itsason, Gabirian, Ezkion, Zumarragan eta Legazpin. Guztira, Itsaso-Gueñes artean 132 dorre altxatuko dituzte, 70-80 metro altukoak garaienak.
Sare zabalago baten katebegi bat besterik ez da, hala ere, Itsaso-Gueñes zatia. Iberiar penintsularen eta Frantziaren arteko interkonexio-sistema bat osatuko du. Gatikatik itsaspeko haria luzatuko dute Cubnezais-era (Okzitania), 350 kilometrora, 1.750 milioiko inbertsioarekin.
Beste aldetik, Goierriri bete-betean eragingo dio hegoaldeko luzapenak, Castejon-Itsaso 400 kV-eko linea proiektuak. Mediterraneo eta Kantauri ardatzak batuko ditu. Aurreko bi proiektu bertan behera utziarazi zituzten.
2010eko proiektua
Gueñes-Itsaso linearen egitasmoa 2010ean aurkeztu zuen REEk, «estrategikotzat» jota. 2011n, informazioa eta alegazioak jasotzeko aldia ireki zuten, eta 2012an ingurumen eraginari buruzko txostena onartu zuten. Baina geldialdia iritsi zen gero; 2017ra arte ez zuen informaziorik eman proiektuaz. Urte hartan hasi zen berriz baimenak lortzen REE. Espainiako Gobernuak onura publikoko izendatu zuen, eta 2018ko azaroan eman zion baimen administratiboa.
REEk 2019ko apirilean bidali zien proiektuaren hasierako txostena udalei, eta lurrak desjabetzeari udan ekin zion. Iaz hasi zituen lanak. Kritika eta kontrakotasun handiak eta ugari sortu ditu proiektuak, hasieratik. 2019an, egun gutxian toki administrazioko 438 hautetsik aurkako agiria sinatu zuten.
Goi Tentsioari Ez plataformak, bere aldetik, linearen beharrik ezaz eta gizakien osasunean nahiz ingurumean eragingo dituen kalteez ohartarazi du. «Gueñes eta Itsaso artean jarriko duten laugarren linea da. Erabat alferrikakoa eta beharrik gabekoa da», salatu du Goierriko ordezkariak ere badituen plataformak, sare sozialetan.