Koronabirus kasuen brote bikoitza izan dute Zumarragako Ospitalean
Hainbat informazioren arabera 15 izan litezke kutsatutakoak, langileen eta pazienteen artean. Osasun sailak dio egoera kontrolpean dutela.
Zumarragako Ospitalean koronabirus kasuak zabaldu direla baieztatu du gaur Osasun Sailak. Lehen informazioen arabera bi brote lirateke, eta kutsatutakoen kopururik zehaztu ez badute ere, 15 izan litezke, hainbat komunikabidek zabaldu dutenaren arabera. Brote horiek, amatasun sailean eta barne-medikuntzakoan gertatu dira. Langileak nahiz pazienteak leudeke kutsatuta, beti ere, informazio horien arabera.
Osasun Sailak dio brote horiek dagoeneko “kontrolpean” dituztela. Barne-medikuntza atalean kribatua egin dute langile nahiz pazienteen artean, eta emaitzen zain daude. Amatasun saileko zerbitzuak, berriz, pandemiari aurre egiteko egokitutako ‘0’ ospitalizazio gunera aldatu dituzte.