N-1 errepidean "erreskatea" exijitu dute ostalariek
Ordiziatik abiatuta kotxe karabana egin dute Gipuzkoako ostalariek bizi duten egoeraren aurrean "irtenbideak exijitzeko". Baldintzak aldatu ezean protestekin jarraituko dutela iragarri dute.
Ostalariek mobilizazioekin jarraitzen dute. Ostalaritza aurrera! goiburupean, kotxe karabana egin dute gaur, Ordiziatik abiatuta, Donostia alderaino, Garbera merkatal zentroraino, hain zuzen ere. Goizeko 07:00etan abiatu dira, eta N-1 errepidea hartu dute. Bigarren aldia da Gipuzkoako Ostalariek, kotxe karabana egiten dutela bizitzen ari diren egoeraren protesta modura, eta iragarri dute, mobilizazioekin jarraituko dutela, “egoera egunetik egunera okertzen ari delako”, beraz, “hain beharrezkoa den irtenbidea iritsi arte” luzatuko dira protestak.
Gipuzkoako ostalariak “haserre” daude COVID-19aren hedapena saihesteko agintari politikoek hartu dituzten erabakiekin, “larriki kolpatu” dituela salatu dutelarik. Gaurko kotxe karabana egin izanaren arrazoi nagusiak gogoratu ditu Aitor Salegi Beasaingo Erronka tabernako arduradunak: “Une honetan ostalaritza egoera oso-oso prekarioan aurkitzen da; herri askotan ixteko agindua dago, beste batzuetan irekita baina baldintza oso-oso gogorrekin ari dira lanean, gainera, establezimenduak ixteko eta irekitzeko aginduak egun gutxiko margenarekin egiten da, eta hori ez balitz, oraintxe terrazetan egoteko moduko eguraldirik ez dago, eta establezimenduen barruan egon daitekeen pertsona kopurua hain da murriztua, ez dela errentagarria taberna irekita edukitzea”. Horri guztiari gehitu dio, “2020.urtean hilabeteetan negozioak itxita eduki eta baldintza oso-oso prekarioetan lan egiten egon eta gero, laguntzarik jaso ez” dutela. Egoera “ez da sostengagarria”.
Gauzak horrela, Gipuzkoa osoko ostalariek bizi duten egoera “larria” gizarteratu dute. Kotxe karabana luzea izan da N-1 errepidean, Gipuzkoako eskualde desberdinetako ostalariek parte hartu baitute, “Goierrikoak, Urolakoak, Debagoienakoak eta Buruntzaldea, 35-40 herritako ostalariak gaude”. Salegik argitu du, Gipuzkoako Ostalarien Elkartetik aparte sortu den mugimendua dela hau.
Lehendakaritzaren aurrean
Gaurkoa, baina, ez da izan aste honetan ostalariek egin duten protesta ekintza bakarra. Izan ere, atzo, Gasteizen Lehendakaritzaren aurrean elkarretaratzea egin zuten. Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko ostalariak izan ziren bertan. Goierritik ere hurbildu ziren hainbat ostalari.