San Andres kaleko zati bat egokituko dute oinezkoek lehentasuna izan dezaten
Ekaina aurretik bukatuta izatea aurreikusi dute. Errei bakarra eta semaforoa jarriko dute udaletxetik elizara doan zatian. Irai Errotako industrialdea erakitzeko obrak udaberrian hasiko dira
2021ean bi obra jarriko dituzte martxan Ormaiztegin. Alde batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak San Andres kalea oinezkoentzat egokitzeko lanak egingo ditu. Bestetik, Ormaiztegiko Udalaren Irai Errota industrialdea eraikitzeko proiektuaren obrak egiten hasiko dira.
San Andres kaleko lanak aldundiak hartuko ditu bere gain Jon Enrique Galarza Ormaiztegiko alkateak azaldu duenez. Elizatik udaletxera doan zati bat berrituko dute, oinezkoei lehentasuna emate aldera: «Zati handi bat oinezkoentzat jarriko da, errepidea espaloiaren altuerara igota adokin itxurako amaiera emanez, eta errei bakarrekoa izatera pasako da semaforizazioaren bitartez», azaldu du alkateak. Lan horien helburua «gune seguruagoa eta atseginagoa» sortzea izango da.
Udalak eta aldundiak azaroan adostu zuten zein izango zen aurreproiektua. Hiru bozeto aurkeztu zituen aldundiak. Aukeratutako aurreproiektu horrekin, proiektua garatzen dabiltza orain, eta ekaina aurretik obrak bukatuta izatea aurreikusi dute.
Bi urteko obrak
Irai Errota industrialdeko obrak, aldiz, udaberri-uda inguruan hasiko dira. Enriquek adierazi du obren lehenengo fasean «lur mugimendu asko» egongo dela eta horregatik eguraldi onarekin egingo dituztela. Urteko lehen hiruhilabetean egingo dute urbanizazio proiektua gauzatzeko obren esleipen prozesua.
2020ko urriaren 19an egindako ezohiko bilkuran onartu zuen Ormaiztegiko udalbatzak proiektua behin betiko.
Aspaldi hasitako ekimena izanik, alkatearen esanetan, «notizia inportantea» da proiektuaren onarpena Ormaiztegirentzat. 2007an egin zuten proiektua aurrera eramateko lehenengo plana, eta aurten egingo dituzte lehenengo lanak. Bi urteko obra izango da.
Obra gehigarriak
Industrialdea eraikitzeaz gain, horri erlazionatutako hainbat lan egingo dituzte inguruan: besteak beste, industrialdea eta ondoko biribilgunea lotuko dituen bidea egingo dute, Eztanda ibaiaren ezkerraldean dagoen kolektorea poligonoko saneamendu sarearekin lotuko dute eta Eztanda eskubialdera joateko zubia botako dute.
6.024.635 eurokoa da Irai Errota industrialdea eraikitzeko proiektuaren aurrekontua.