Aizkorriko aterpea txukunduta
Aizkorri Bizirik taldeak ateetan pilatutako elurra kentzeko lanak egin ditu. 2016an sortu zuten taldea, aterpetxea «segurtasun minimo» batekin erabili ahal izateko
Hainbat herritan elurra urtu den arren, Goierriko mendiek zuri- zuri jarraitzen dute. Elurrak irudi ederrak utzi ditu azken asteotan, baina eragozpenak ere sortu ditu. Aizkorri Bizirik taldeak Aizkorriko hainbat argazki elkarbanatu ditu sare sozialetan, eta aterpetxean egin dituzten lanen berri ere eman dute.
Urtarrilaren 9an egin zituzten aipatutako lan horiek. Hain zuzen ere, aterpetxe kanpoko eta barruko ateak itxi ahal izateko lanak egin dituzte, horretarako pala «metro bat elur azpitik» aterata, Aizkorri Bizirik taldeko kide den Gaizka de Miguelek azaldu duenez: «Elur asko zegoen, eta atea zabalik uzten bada, elurra barrura sartzen da, izotza sortzen da eta ezin dira ateak itxi». Igotzen diren mendizaleei ateak ixteko eskatu diete blokeatu ez daitezen.
Arriskua egunean egiten duen eguraldiaren araberakoa bada ere, mendian «kontu handiarekin» ibiltzeko ere eskatu du taldeak: «Pilatutako elur geruza izugarrizkoa da, eta laino eta eguraldi baldintzak ez dira izan batere onak azken egunotan». Aterpetxera joatean ateak blokeatuta badaude, kanpoan dagoen pala erabili dezakete mendizaleek. Elurra kendu eta ateak desblokeatzeaz gain, beste lan bat ere burutu dute asteburuan Aizkorri Bizirik taldekoek: aterpetxea «nahiko zikin» zegoenez, zaborra sortu eta jaso ez dutenen zaborra ere jaitsi behar izan dute.
2016an hasi ziren
Lau urte inguru daramatzate antzerako lanak egiten. Aterpetxea garbitzeko eta txukuntzeko ideiarekin eratu zuten taldea 2016an: «Gaizki zegoela ikusi genuen eta lagun batzuk elkartu ginen». Horrela, asteburu batean materiala hartu eta hura garbitu, margotu eta desinfektatu zuten: «Atea apurtuta zegoen eta ahuntzak bertara sartzen zirenez lo egitera, zikin zegoen».
«Segurtasun minimo» batekin aterpetxea erabili ahal izateko ekin zioten dinamikari, Zegamako Amezti mendi elkartearekin elkarlanean eta Zegamako Udalaren laguntzarekin: «Ondoren lagun gehiago batu zitzaizkigun, eta ordutik mantentze lanak egiten ditugu behar denean», azaldu du De Miguelek.
Datozen egunetan ere hotz egingo duenez, mendian argi ibiltzea ezinbestekoa izango da. Eta aterpetxea erabiltzen duenak ere kontuan izan beharko du ateak itxi behar direla.