«Biniloa kapritxoa izan da»
Gutierrezek (Beasain, 1995) beste bi lagunekin batera osatu zuen Soma Cult taldea 2017an. Lehen lan luzea kaleratu dute, 'Destroy!'. «Gustatu egiten zaigu. Ez du beste misteriorik».
Gustura lortu duzuen soinuarekin?
Bai, egia esan bai. 2019ko udan hasi ginen abestiak konposatzen. Horiekin demo batzuk grabatu genituen gure lokalean. Hau guztia norekin grabatu erabaki genuenean abestiak bidali genizkion. Silver recordings estudioan grabatu dugu, Bilbon, Martin Capsularekin. Martinek demoak nola hobetu aholku batzuk eman zizkigun eta gero guk erabaki genuen aholkuei jaramon egin ala ez. Behin hori eginda, martxoaren 13an estudiora sartu ginen. Baina estudioan geundela pandemia hasi zen eta grabaketa erdizka utzi behar izan genuen. Itxialdia pixka bat baretu zenean Bilbora itzuli ginen grabaketa amaitzeko.
Entzuleak nabarituko du bi txandatan dagoela grabatua?
Ez. Izan duen eragin handiena diskoaren kaleratzea atzeratu egin behar izan dugula da.
Nondik dator grabatzeko ideia?
Gogoa genuelako. Gustatu egiten zaigu. Ez du beste misteriorik. Hirurak musika zaleak gara, amorratuak, eta gustatzen zaigulako egiten dugu.
Zergatik biniloan?
CDa bastante hilda dagoela pentsatzen dugu. Formatu fisikoren bat ateratzekotan biniloa erabaki genuen bildumagarriagoak direlako: portadak hobeto ikusten dira, soinu aldetik ez dago diferentzia asko… Disko-jogailurik ez duenarentzat diskoa sarean dohainik jarri dugu, Bandcampen, Youtuben eta Spotifyn. Erosoena, praktikoena, hori iruditzen zitzaigun.
Ez da kontraesana biniloa salgai egonda sarean eskegitzea?
Biniloa kapritxoa izan da. Gure helburua jendeak gure musika entzutea da eta horretarako egokiena musika sarean jartzea da.
Kontzertuak emateko ez da garai ona. Diskoen salmentarako?
Ez, batere ez. Guk diskoak saltzen ditugunean kontzertuetan izaten dira. Oraintxe bertan, egoera dagoen bezala, ezin ditugu kontzertuak eskaini.
Bihar Usurbe antzokian aurkezpen kontzertua egingo duzue. Sarrera agortuta daude.
Kontatu behar dizut guztia gezur hutsa dela. Ez da kontzertu fisikorik egongo. Aurreko udan grabatu genuen kontzertu bat eskainiko dugu, streaming bidez. Dena fikzioa hutsa izan da, disko berriaren harira jendeari broma bat egiteko.
Soma Cult 2017. urtean sortu zenuten.
Bilboko jazz eskolan baxua ikasten ari nintzen orduan. Josemari [Unanue] ezagutu nuen han, taldeko abeslaria eta gitarra. Taldea sortzea erabaki genuen, baina bateria jolea behar genuen. Jazz eskolaren laguntzarekin entzunaldi bat egin genuen eta onena, diferentziarekin, Julen Hidalgo izan zen, taldeko hirugarren kidea.
Zuen webgunean ikusi dut punk, grunge, pop… etiketak dituzuela.
Taldea egiterakoan ikerketa bat egin genuen gaurko gazte jendeari zer nolako musika gustatzen zaion jakiteko. Hala erabaki genuen, gutxi gorabehera, nondik jo. 1990. hamarkadako musika izango litzakete, ukitu modernoekin.
Ikerketarena ez al da hotza? Eroso sentitzen zarete musika estilo honetan?
Oso eroso sentitzen gara. Denetatik entzuten dugu: oi, trap, elektronika, pop, indie… Musikari batentzat garrantzitsua da denetarik entzutea.
Ingelesez abesten duzue. Zergatik hautu hori?
Ingelesez abesten dugu jendeak ez ulertzeko gure letrak.
Ingelesez sortzea erraza egiten zaizue?
Errazago egiten dugu dena.