Filomenak sortutako etena eta gero, Sevillara begira dago Ampo Ordizia
Igandean jokatuko dute Ampo Ordiziak eta Sevillako Cienciasek, Altamiran. Neskek, berriz, Seven txapelketa dute Hernanin. Arrasatek eta Ordiziak, Euskal Ligarako taldea atera dute.
Filomena ekaitzak hankaz gora jarri du errugbiko Ohorezko mailako liga. Ampo Ordiziak etxean, Altamira zelaian jokatubehar zuen, igandean, hilak 10, Les Abelles talde valentziarraren kontra. Talde valentziarra larunbatean zen Ordiziara autobusez bidaiatzekoa baina elurteagatik errepideetako egoera kaxkarra zela eta, Errugbiko Espainiako Federazioari eskatu zitzaion, partida atzeratzea. Federazioak eskakizuna onartu eta laster jakinaraziko du aurrez aurrekoaren data berria.
Bitartean, datorren asteburukoa prestatzen ari da talde ordiziarra. Inongo arazorik ez bada sortzen behintzat, Sevilla aldera bidaiatuko du Ampo Ordiziak, Ciencias Universidad Pablo de Olavide taldearen aurkakoa jokatzeko. La Cartuja zelaian izango da hitzordua, igandean, hilak 17, 12:30ean hasita.
Iñigo Marotias Ampo Ordiziaren entrenatzailearen hitzetan «aurten nahikoa lan» izaten ari dira «egunean egunekoa» ateratzeko, baina espero du asteburuan «Sevillara bidaiatu ahal izatea eta partida jokatzea».
Jokalariei dagokienez, «ondo» daudela adierazi du. «Beti dago baten bat mina hartuta, baina talde nahiko osoa dugu, beraz, pozik egoteko moduan gaude». Gogoratu du, denboraldi honetan urte amaieran Getxoren aurkakoan falta izan zituztela jokalari gehien, baina harrezkero ia gehienak osatu direla eta jokatzeko moduan izango direla.
Sailkapen nagusiari begiratuta, Ampo Ordizia seigarren dago, 19 punturekin eta sei partida jokatuta (lau garaipen, bi galdutakoak). Ciencias taldea berriz, taularen beheko postuetan dago; hamaikagarren da, hiru punturekin eta sei partida jokatuta (bost partida galdu eta berdinketa bat). Hala izanda ere, «ez da konfidantza gehiegirik izan behar, zeren gainera, ligak aurten duen formato arraro honekin, sekula baino gehiago, partida guztiak dira garrantzitsuak». Sevillarrek gainera etxean jokatzen dute, eta horrek beti ematen du bultzada da. Marotiasek gehitu du, etxetik kanpo irabaztea «zaila» dela; «etxetik kanpo jokatu dugun hiru partidetatik bakarra irabazi dugu». Beraz, burua hotz izan beharko dute ordiarrek, kontuan hartuta gainera, Sevillaraino bidaia luzea dela. Ondo bidean, larunbatean abiatuko dira Andaluzia aldera.
Neskak, Landaren
Ordizia Rugbyko nesken taldeak ere izango du aukera barruko harra kentzeko. Asteburuan Seven modalitateko topaketan jokatuko dute Landare zelaia, Hernanin. Euskal Herriko zazpi taldek parte hartuko dute. Denbora daramate zelaian dakitena erakutsi gabe, beraz Maddi Solak entrenatutako taldeak gogotsu baino gehiago parte hartuko du topaketan.
Eta aste gutxi barru, bigarren topaketa batean ere parte hartuko du nesken taldeak. Bigarren hori, Ordiziako Altamira zelaian izango dela aurreratu du Ordizia Rugbik. Momentuz hori da helarazi duten informazioa, laster emango dituzte xehetasunak.
Julen Goia faboritoen artean
Julen Goia Ampo Ordiziaren kapitaina Espainiako selekzioko azken hamarkadako eskuin hegalik onenen bozketan sartu eta errubgiaren zaletuek, bozka eman diote. Lau jokalarien artean aukeratu behar izan dute zaletuek; Federico Casteglioni, Sebastien Ascarat eta Sergi Aubanell ziren beste hiruak.
Errifa zenbakia, 40.728
Ordizia Rugbyren Gabonetako saskiak oraindik ez du jaberik. Lehenengo zenbaki saritua zuena ez da agertu, beraz, zozketa berria egin dute. Zenbaki saritu berria 40.728 da. Klubak eskatu du errifak ez botatzeko, urtarrilaren 19a baino lehen sariturik agertzen ez bada, hirugarren zozketa bat egingo dutelako.
Euskal Ligarako talde bat sortu dute Ordizia Rugbyk eta Arrasatek
Azken aldian arazo ugarirekin zebilen Arrasateko kluba taldea osatzeko. Aurten klub askori gertatzen ari zaion zerbait da. Liga hasi aurretik 15 jokalari zituen Arrasatek. Bestalde, Ordizia Rugbyk goren mailetan bi talde osatzeko adina jokalari baditu. Jon Txurruka klubeko zuzendari teknikoak adierazi duenez,«astebururo, 10-15 jokalari deialdietatik kanpo gelditzen dira, eta hori ez da ona». Euskal Ligan jokatzeko talde bat osatzea pentsatzen hasita ere bazeudela kontatu du Txurrukak. Prozesu horretan, Arrasateko taldeak, bi kluben artean talde bat osatzeko proposamena egin zion Ordizia Rugbyri. «Jokalarientzat geldirik egon partez, minutuak jokatu ahal izatea askoz positiboagoa da». Hemendik aurrera beraz, hiru lehiaketetan izango ditu Ordizia Rugbyk jokalariak; Ohorezko mailan, 23 urtez azpiko ligan eta Euskal Ligan. «Harrotasun handia sortzen digu horrek, eta kluba oso osasuntsu dagoenaren seinale da».