Gizarte Etxeko taberna berriz ere zabalik, jabe berriekin
Abenduaren 12tik ari da lanean Jaqueline Torres. 10:00etatik 20:00etara dago irekita. Edanaz gain, jatekoa ere eskaintzen du. Erakusketa guneak bertan jarraituko du
Ormaiztegiko Gizarte Etxeko taberna berriro ireki dute. Abenduaren 12an izan zen inaugurazioa, eta jabe berriek eta herritarrek elkar ezagutzeko baliagarria izan zen. Jaqueline Torres Alvarado da nagusi berria eta haren semeekin egiten du lan.
Inaugurazio egunean 18 lagun izan zituzten taberna barruan, lokalak duen aforoagatik, eta beste hainbatek kanpoan hartu zuten edari edo mokadutxoa: «Bezeroak ezagutzen hasi ginen, azkenean hau nahiko bakartuta dago eta COVID-19arekin egoera berezia denez, hori behar dugu».
Hamasei urte daramatza Jaqueline Torresek ostalaritza sektorean lan egiten. Azaldu du horrek ere taberna antolatzeko zituen ideiak aurrera eramateko lagungarri izan zaiola. Besteak beste, Idiazabalen eta Zerainen egin du lan Ormaiztegira iritsi aurretik. Kañero berri bat jarri dute, eta garagardo eta ardo eskaintza zabala prestatu dute: «Ardo eta garagardo mota gehiago jarri ditugu». Edariaz gain, janaria ere badute gizarte etxeko tabernan: otarteakoak, errazioak edota pintxoak dituzte salgai. «Beti izaten dugu zer edo zer sukaldean jan nahi duenarentzako; jende asko etorri da, adibidez, salda hartzera». Taberna kanpoko zaborra biltzeko eremua ere egokitu dute, pilatu ez dadin. Hiru aste daramate lanean eta bezeroak ezagutzea eta taberna ezagutaraztea izango dute helburu datozen hilabeteetan ere: «Kartelik gabeko taberna denez, hemen dagoela ez dakiena ez da geldituko». 10:00etan irekitzen dute, 20:00ak arte. Uda aldera, halere, 09:00etan irekitzea aurreikusi dute.
Argazki erakusketa
Gizarte etxeko tabernako txoko batean erakusketa gela bat izan dute. Kontxi Simon, Iñaki Galabide edo Jon Zumalakarregi herritarrek haien lanak erakutsi dituzte bertan. Erakusketa guneak bertan jarraituko du. Azkeneko erakusketa mendi asteari loturikoa izan da, aurreko astera arte egon dena, eta hurrengoa Ormaiztegiko argazkien erakusketaren txanda izango da.