Irizar ie truck kamioia 2021eko Espainiako 'Urteko Ibilgailu Industrial Ekologikoa' izendatu dute
Editec taldeak ematen du eta 2016an eta 2018an ere jaso zuen Irizar taldeak sari hori.
Irizar ie truck kamioiak 2021eko Espainiako ‘Urteko Ibilgailu Industrial Ekologikoa’ saria jaso du. Editec taldeak banatzen ditu sari horiek eta automobilgintzako 50 enpresaburuk osatu dute epaimahaia. Hirugarren aldia da izendapena jaso dutela.
2016an i2e autobus elektrikoak irabazi zuen Urteko ibilgailu Industrial Ekologikoaren saria, eta 2018an Irizar ie tram ibilgailuak, eta aurten %100 elektrikoa den ie truck kamioiak. Imanol Rego zuzendari nagusiak “hiri ingurunean edo metropolian elektromugikortasunaren alorrean berrikuntzarako” egin dituzten “ahaleginen aitorpena” dela adierazi du.
Ie truck-ak gainera, FCC Medio Ambiente enpresarekin garatutako txasis-plataforma elektrikoarengatik World Smart City Awards saria irabazi zuen Ideia Berritzailearen kategorian, 2019an, eta 2020an, berriz, Enpresarentzako Europako Ingurumen Saria.