Irteera-marra, behintzat, jarrita
Automobilismoko ohiko probak antolatu dituzte Goierrin 2021erako, koronabirusaren baimenarekin. Gabirian da lehen lasterketa. Lazkaoko rallyesprinta, azarora atzeratua
Iazko denboraldi gezatuaren ondoren, automobilismoko 2021eko egutegiaren behin-behineko aurrerapena eman du Euskadiko federazioak. Printzipioz, eta COVID-19aren garapenak egoera lehengo urtean bezainbeste okertzen ez badu, Goierrin jokatu ohi diren proba guztiak aurrera eramatekotan dira antolatzaileak. Aldaketak izango dira, hala ere. Nabarmenena, Lazkaoko Goierri Rallyesprintaren datarena: martxoan izatetik azaroaren 6ra aldatu du Ikullu Racing eskuderiak.
Izan ere, koronabirusaren itxialdiak harixe eragin zion iaz gehien. Bertan behera utzi behar izan zuten, hain justu konfinamendua eta alarma egoera eman zuten egun berean zelako egitekoa, 2020ko martxoaren 13an.
«Dagoen egoerari buruz eta ziurtasunari dagokionez, duda asko daude. Ez dakigu oso ondo martxoan nolako egoera egongo den. Aurreko urtekoa bertan behera utzita, berriz berdina ez gertatzeko hartu dugu atzeratzeko erabakia», azaldu du Ikullu Racingeko Ibai Agirrek.
Guztia antolatuta eta prestatuta zeukatela harrapatu zituen konfinamendu aginduak; aurkezpena ere eginda. «Dena eginda genuen, eta desegiten aritu behar izan ginen gero. Aurten, hori dena saihestu nahi dugu, segurtasun bat izateko antolaketa mailan ere. Eta egoera egonkorragoa izango den ustean, hilabete batzuk atzeratuko dugu».
Goierri Rallyesprinta urteko beste garai batera atzeratzearen alde on bat, interes puntuari dagokiona izan daiteke. Txapelketako azkeneko lasterketa izango da, eta ziurrenik Goierrin erabakiko da sailkapena nola geldituko den. Eguraldiari begiratuta ere, azaroa seguruagoa izan daiteke martxoa baino.
Hasiera, Gabirian
Euskadiko Automobilismo Federazioak beste behin Gabiria-Legazpi Rallyesprintari eman dio denboraldia irekitzeko ohorea. Martxoaren 7an, igandea, jokatuko da 23. ekitaldia, euskal egutegiko zaharrenetakoa jada.
Denera, 23 auto lasterketa daude behin-behineko egutegian, eta beste hiru data jartzeko zain. Bost rallyesprint, lau rally, kirol klasikoen rally bat, slalom bat, mendiko zortzi igoera eta lur gaineko lau rally daude baieztatuta Hego Euskal Herrian.
Iazko denboraldia ahal bezala bukatu zen, proba asko bertan behera utzita eta partaideentzat jarraikortasun eta ziurtasunik batere gabe. 2020ko lehiaketetako sailkapenetan nabaritu da goierritarrentzat, lehen postuetan ez baita inor sailkatu.
Goilurrak, egonkortuta
Motorraren panoraman bere lekua egin duena Goilurrak Rallya da, Ikullu Racing taldeak antolatutakoa hori ere. Hirugarren ekitaldia uztailaren 3an eta 4an jokatuko da.
Lazkaoko eskuderiak, bere aldetik, eta berritasun modura, bere bazkide eta kide diren gidari nahiz taldeentzat entrenamendu saioa antolatu du, otsailaren 20rako, «Goierriko errepide sekretu batean».
Autoen testak eta probak egiteko baliatuko dute. «Denboraldiari begira gure prestaketak egiteko izango da, baina Ikullu Racing eskuderiako pilotuentzat bakarrik», dio Agirrek.
2021eko denboraldia
EUSKAL HERRIKO PROBAK
- Rallyesprintak. Gabiria (martxoak 7), Azpeitia (apirilak 24), Ugao (maiatzak 22), Aramaio (irailak 11), Goierri (azaroak 6). Data jartzeko zain: Arratia.
- Rallyak. Lea Artibai (maiatazak 1-2), Fitero (ekainak 19-20), Goilurrak (uztailak 3-4), Gernika (urriak 9-10). Data jartzeko zain: Bidasoa.
- Mendia. Aia (martxoak 27), Opakua (apirilak 10), Gorla (maiatzak 8), Jata (ekainak 12), Salinas (uztailak 10), Sollube (irailak 4), Jaizkibel (irailak 18-19), Urraki (urriak 24).
- Lur gainekoak. Nafarroan (maiatzak 15, ekainak 12, irailak 25 eta azaroak 14) eta Bakio (zain).
- Besteak. Slaloma Bakion (apirilak 17) eta klasikoak Azpeitian (uztailak 17).