«Txikon laguna dudalako sortu da Manaslura joateko aukera»
Iñaki Alvarez (Zumarraga, 1974) alpinista Manaslu mendira joan da, Alex Txikon bizkaitarrarekin eta Simone Moro italiarrarekin. Mendi hori ez du inork igo neguan.
Noiz ezagutu zenuen Alex Txikon?
2002an Komunismo mendira etorri zen Jon Marotorekin, Xabi Ormazabalekin eta nirekin. Bere lehenengo espedizioa izan zen. Zortzimilako bat egin nahi zuen eta Herriak eta Mendiakekin harremanetan jarri zen. Mendiak eta Herriakek ez zuen espediziorik martxan eta gurekin harremanetan jartzea proposatu zioten: «Urretxuko eta Zumarragako hirukote batek 7.500 metroko mendi zail bat igo behar du», esan zioten. Izan ere, jende askok Komunismo mendia zortzimilako bat haina dela dio: indarra eta teknika behar dira. Alex orduan ezagutu nuen. Oso harreman ona egin genuen. Ez dut berarekin berriro eskalatu, baina adiskidetasuna mantendu dugu.
Nola gogoratzen duzu 2002an Komunismora egindako espedizioa?
Oso esperientzia polita izan zen. Salto handia egon zen. Nire ustez, hor dago muga. Pirinioetan ibiltzen den pertsona bat seimilako mendi batera joan daiteke. Baina zazpi mila metroko mendi batean estrategia behar da eta denak erloju batek bezain ondo funtzionatu behar du.
Nola suertatu da Txikonekin Manaslura joateko aukera?
Konfinamenduan, estrategia bezala, egunero agenda hartu eta pertsona bati deitzen nion. Alexi deitzea tokatu zitzaidanean, aspalditik ezagutzen garela eta Komunismora joan ginenetik ez dugula elkarrekin ezer egin esan nion. Berak zerbait egitea proposatu zidan. Hasieran, zazpimilako batzuk proposatu zizkidan. Baina nik, behin Himalaiara joanda, zortzimilako bat igo nahi nuen. Orduan, neguan Manaslu igotzeko asmoa zuela esan zidan eta berarekin joatea proposatu zidan.
Bere garaian Shisha Pangma igo zenuen, baina hau erronka handiagoa da.
Mendizale bezala, teknikoki ez dut gaitasun berezirik. Nire gaitasun nagusia indarra da. Hori dela eta, egokia iruditu zitzaidan Manaslura joatea. Izan ere, Manaslu ez da bereziki teknikoa. Neguan igotzeko indarra, sufritzeko ahalmena eta eguraldiarekin zortea behar dira.
Eguraldiarekin zortea behar dela diozunean, zer esan nahi duzu?
Negua denez, egunero haize bortitza ibiltzen da. Haizea baretzen denean, goran egon beharra duzu, gailurrera abiatzeko prest. Alberto Iñurrategik eta Josu Bereziartuk haizerik gabeko egun bakar bat ere ez zutela eduki esan zidaten. Azken kanpalekura iritsi zirenean, 7.400 metrora, haizea zebilen. Haizea gelditu ez zenez, ezin izan ziren gailurrera abiatu. Azken kanpalekutik gailurrera bederatzi orduko bidea dago eta bide hori ezin da haize bortitzarekin egin. Beraiek joan ziren garaian ez zegoen egungo teknologiarik. Itsu-itsuan joan ziren. Guk, haizea gelditzen bada, noiz geldituko den jakingo dugu, azken kanpalekura orduan abiatzeko.
Gailurrera heltzen bazarete, ondoren ondoan dagoen zazpimilako batera joango zarete.
Simoneren nahia da. Manasluren tontor nagusiaren ondoan, 200 bat metrora, beste tontor bat dago. Ez da beste mendi bat igotzea, baizik eta lepo bat zeharkatu eta beste tontor bat zapaltzea. Ondoren, bide beretik itzuliko gara.
Inork ez du Manaslu mendia neguan igo.
Poloniar batzuk neguan heldu ziren tontorrera, baina udazkenean abiatu ziren. Negua heldu zenerako, mendia ekipatuta zuten, 7.000 metrora arte. Gehiengo batek ez du espedizio hura neguko espedizio bezala onartzen. Normala da, hura ontzat hartzen badugu, hurrengoak tontorra abenduaren 22an egitea erabaki baitezake. Tontorra neguan egin zuten, baina ez zuten neguaren gogortasuna espedizio osoan zehar sufritu.
Zertan eman dituzu azken urte hauek?
Egia esan, azken urte hauetan ez dut mendi handirik egin. Historian graduatu naiz eta mendiko jarduerak garai batekoak baino sinpleagoak izan dira: harkaitzean eskalatu, Pirinioetara joan… Duela hiru urte Lenin mendira joan nintzen, baina ez nuen igo. Lehenago, Andeetan egon nintzen. Azken urteetan gauzatxo batzuk egin ditut, baina espedizio handirik ez. Dena den, esan bezala, nire dohain nagusiak indarra eta sufritzeko ahalmena dira eta hori da Manaslu igotzeko behar dena.
Asko entrenatu al duzu azken hilabete hauetan?
Beste edozein menditara joateko baino entrenamendu gogorragoa egin dut azken sei hilabeteetan. Egitasmoa itxura hartzen hasi zenean, diziplina handiz entrenatzeari ekin nion. Ormaiztegiko Irizarren lan egiten dut eta lankide bat, Iker Baztarrika, prestatzailea da. Berak agindu dit zer egin.
Nola prestatu zara?
Hankak ondo prestatu behar dituzu. Goizak entrenatzen eman ditut eta arratsaldeak lanean. 06:00etan jaikitzen nintzen eta 06:45erako Antiora bidean dauden eskaileretara joaten nintzen. Ordu bete ematen nuen gora eta behera, 20 kiloko motxilarekin. Bizilagunek pitzatua nagoela pentsatuko zuten, baina nik banekien zertan ari nintzen. Ariketa hori oso ona da izterrak indartzeko. Horretaz gain, mendira askotan joan naiz, bidegorrian korrika egin dut, kiroldegira joan naiz izterrak lantzera… Azken ariketa hori anaerobikoa da. Egun batean anaerobikoa egiten nuen eta hurrengoan aerobikoa. Egun anaerobikoan 40 minutu egiten nituen eta aerobikoan bospasei ordu.
Txikon eta Mororekin Himalaiara joatea aukera bikaina da.
Aukera paregabea da. Alex laguna dudalako suertatu zait halako aukera. Bestela, ez nukeen sekula halakorik egiteko aukerarik izango. Hau guztia 2002an superheroia bilakatu den mutil bat ezagutu nuelako gertatu da. Baina niretzat Alex orduan ezagutu nuen mutila da. Ez dut ikusten ni baino askoz gehiago den norbait bezala. Nik baino askoz ere esperientzia gehiago du, baina berak eta Simonek beraien esperientzia nire eskura jarriko dute eta erantzungo dudala iruditzen zait.
Zer diote etxekoek?
Ez dira harritu. Azken urte hauetan lasaiago ibili naiz ikasketak direla eta, baina bazekiten egunen batean goi mendietara itzuliko nintzela. Ikerkuntza Historikoan masterra egiten ari naiz, baina eten egin dut, Manaslura joan ahal izateko.
Zergatik erabaki zenuen Historia ikastea?
Nire bigarren pasioa da. Txikitatik galdera asko eduki ditut nire buruan. Aitonari gerra zibilari buruzko istorioak entzuten nizkion, ikastolan ere hainbat gauza azaltzen zizkiguten… Hori guztia hobeto ulertzeko, Historia ikastea erabaki nuen. Ikerketa eta dokumentu zaharrak irakurtzea ere asko gustatzen zaizkidanez, orain Ikerkuntza Historikoan masterra egiten ari naiz. Euskal Herriko historia interesatzen zait, batez ere. Jendeak ez du ondo ezagutzen Euskal Herriko historia. Hemen dagoen abertzaletasunarekin, harrigarria iruditzen zait.