Aitziber Garmendiak zabalduko du Antzerki Garaia zikloa, bihar
'Txanogorritxotik otso emera, sei mutil medio' antzezlana izango da zortzi obretan lehendabizikoa. Maiteminak gizakia nola tenteltzen duen erakutsiko du, bakarka, Usurbe antzokian.
Antzerki Garaia zikloa bihar hasiko da, Txanogorritxotik otso emera, sei mutil medio antzezlanarekin. «Harreman batean sartzen garenean zein patetikoak bihurtzen garen kontatzen du antzezlanak, umoretik betiere», laburbildu du Aitziber Garmendiak. Bera da protagonista, oholtzara igoko den antzezle bakarra. «Ordu eta erdiko lana da eta gogorra da bakarrik egotea. Baina zure burua horretarako prestatzen duzu. Lan hau iritsi zait egin dezakedan unean, orain dela hamar urte ezingo nuke halakorik egin». Izenburuan sei mutil aipatzen dira baina lanean ez dira gorpuzten, «kalean aurkitu daitezkeen sei jarrera» baitira. Garmendia batetik bestera saltoka ibiliko da, pikaroa bilakatu den Txanogorritxoren azalean.
«Hori da otso bat izatea, bere buruaz parre egiten dakien Txanogorritxo bat», deskribatu du bere pertsonaia. Umoreak antzezlan osoa zipriztinduko du. Zaldibiarra eroso sentitzen den generoa da: «Nire jardun nagusia umorea edo umoregintza da. Egia da genero dramatiko batzuk ere landu ditudala, eta oso gustura gainera, baina naturalki irteten zaidana, umetatik, umorea da. Nire baitan dagoen zerbait dela esango nuke. Nire lanen ehunetik 80 umorezkoak izango dira ziurrenik».
Emanaldia Usurbe Antzokian izango da, 19:00etan. Sarrera guztiak agortuta daude. Itxialdi perimetralaren erruz sarrerak eduki arren Beasainera hurbildu ezin duenik baldin badago, antzokiko arduradunek eurekin harremanetan jartzeko eskatu dute. Sarren dirua itzuliko da eta bonuen zati proportzionala.
Bertatik bertara
Garmendia etxe alboan arituko da, senitartekoen eta lagunen aurrean. «Etxean antzezteak beste pisu bat izaten du. Zure jendea joaten da ikustera, hazten ikusi zaituztenak, eta berezia da hori», aitortu du. Gogoratu du, antzezten Zaldibian hasi ostean, lehen eskolak Beasainen jaso zituela. Hastapenetara itzultzearen parekoa izango da.
Garmendiak Antzerki Garaia bezalako zikloak «beharrezkoak» direla dio. «Luxu bat dela esan behar nuen, baina funtsezkoak direla esango dut. Goierrik gure lanbidea babesten duela ikusten dut eta harro diot».