Izotzari aurre egiteko trikimailuak
Izotza eta elurtea izan dira hizpide azkeneko Ordiziako azokan. Hotzak eragindako markak begi bistakoak baziren ere, neguko hotzaren beharra eta onura inork ez du zalantzan jartzen.
Negu goxoko urteak izan ditugun arren, izotza eta elurra garaikoak direla ahazteko lain ez ordea, honen beharra eta ekar dezakeen onura ez du zalantzan jartzen lurrarekin lanean ari denak. Aspaldiko esana da «sasoian sasoiko, San Antonez ospelak belarritako» (San Antton urtarrilaren 17an). «Elurpean hobeto egoten dira barazkiak, izotzak kalte handiagoa eragiten die, azaloreak itsustu egiten dira, horrela ezin saldu» eta tokika biak izan dituzte elurra eta izotza.
Negutegia azken urtetako kontua da baina aspaldi izotzari aurre egiteko beste trikimailu batzuk bazituzten. Beñat Telleria mutiloarraren hitzaren esanetan, «amonak Simona Arrieta, 88 urte kontatzen du, hark ere etxean entzuna zuela, sua egiten zutela iluntzean belar heze antxekokin kea atera zezan, hala etxe ingurua izotzetik ke geruzak babes zezan». Juan Gamio (Beunza-Labaien) sagar arbola landare saltzailearen arabera, Baztan, Bortziri, Malerreka inguruan ere hala egiten zenekoa kontatu digu. Baita «izango dira 30 bat urte lehenengo kiwiak landatu zituztela eta inguru horietan han erreka urez bustitzen zituzten, beti ere epelagoa eta izoztea galarazten zuen».
Inguru hori izan du Jose Antonio Aizpuru errelildarrak ere jomuga, «argi foko handiak jartzen zituzten kiwi arbolen gainean berotasunak babes zitzan». Bide batez aipatu, Aizpuruk udaberrira arte etortzear utziko diola, generoa saldu baitu.
Goienetxe fundazioko lagun taldea, hilabeteko bigarren asteazkenetan izaten zen merkatuan. Hartu behar diren neurriak direla eta etortzeari utzi zion martxoaz geroztik. Adimen-ezgaitasuna duten helduei eguneko arreta zerbitzuak eskaintzen dizkien erakundea da Goienetxe eta besteak beste plazan eskulanak eta bidezko merkataritzako zenbat produktu saltzen zituzten bezeroekin gertuko harreman sortuz.
Loreak herri bihotzean
Bihotzak alaitzeko ez ezik, herria dotoretzeko ere leku ezin estrategikoagoan dira azken hilabetetan lore postuak, udaletxe aurrean. Zaldibiako Azanza eta Aramako Urretabizkaia mintegikoen eskaintza: azalea 7-9,5 euroan, ziklamena 3,8-6,5 euroan, pentsamendua 1,10 euroan, biola1,10-1,5 euroan, dragoi-mutur edo antirrhinum 1,5euroan, kamelia 12,5-15 euroan, gardenia 12 euro, Santa Teresa luma 4,5-18 euro, solanus laranja pipitaduna 6 euro, primula 1,8 euro, primula obkonika 4,5-6,5 euro, kalantxoe 5-5,5 euroan, jazinto 2 euroan, orkidea 12,5-19,5€ euroan, txilarra 5 euroan… Uste denaren kontra, neguan ere aukera koloretsua eta prezio anitzekoa.