Nolako jolas parkea nahi duten erabaki dute Itsasondoko haurrek
Erreka ondoan dagoen jolas parkea berritu aurretik herriko haurrekin parte hartze prozesua egin du udalak. Bost saiotan garatu dute eta emaitza «oso positiboa» izan da
Itsasondon haurrentzako jolas parkea berritzekotan daude. Une honetan, Kimubat enpresak aurreproiektua prestatu eta aurkeztu zain dago udala. Zer egin horretan hasi aurretik baina, parte hartze prozesu luzea egin du udalak. Prozesu horren helburu nagusia izan da herriko haurren ekarpenak jasotzea, izan ere, haiek izango baitira jolas parkearen erabiltzaileak. Nagore Etxeberria Itsasondoko udaleko alkateordeak prozesuaren balorazio «oso positiboa» egin du.
Jolas parkea berritzen hasi aurretik, Itsasondoko haurrei hitza eman nahi izan diete, hala azaldu Nagore Etxeberria alkateordeak: «Aspalditik zegoen jolas parkea berritzeko beharra, beraz, Udalean baloratu genuen, dagoena konpondu edo berria egitea, eta azkenean erabaki genuen, berria egitea». Horretarako, «pentsatu genuen herriko haurren iritziak, desioak eta nahiak jasotzea guztiz beharrezkoa zela, haiek izango direlako parkearen erabiltzaileak». Horra iritsita, «pentsatu genuen parte hartze prozesu bat abiatzea umeekin». Asmoa izan da «ahalik eta iritzi gehien jasotzea, nahiz eta haur guzti-guztien ekarpenak jasotzea zaila den eta COVID-19ak asko baldintzatu duen, baina saiatu gara adin tarte desberdinetako haurren iritziak jasotzen». Prozesua Laia enpresak gidatu du eta 6 eta 12 urte bitarteko bederatzi haurrek udalak eta Kimu Bat enpresak parte hartu dute.
Bost fasetan garatu dute
Bost saiotan garatu dute prozesua. Lehenengo saioan, gaur egungo parkearen egoera hausnartu zuten, eta haurrei zer gustatzen zaien eta zer ez, zer nahiko luketen,… ere galdetu zieten. Txikienek marrazkiak egin zituzten eta handienen ekarpenak idatziz jaso zituzten. Galdetegi bat ere prestatu zuten, prozesuan parte hartu duten haurren gurasoen eta anai-arrebei galdetzeko.
Bigarren saioan, parke berrirako ideiak buruan, berritzeko dagoen eremuan bertan neurketak egin eta non zer kokatuko luketen zehaztu zuten.
Hurrengo saioan, non zer jarri nahi zuten pentsatuta, maketa bat egin zuten, material birziklatuekin.
Laugarren saioa, udal arkitektoari, alkate-ordeari, eta Kimubat enpresako langile bati, gaztetxoek egindako parkearen maketa aurkeztu zieten.
Azkeneko saioan, haurrei erantzun bat eman zitzaien. Etxeberriak nabarmendu du «ideia oso interesgarriak planteatu» dituztela Itsasondoko gaztetxoek, «baina azaldu zitzaien agian dena ez dela posible izango egin». Udala «oso-oso gustura» dago prozesuak eman duenarekin. «Oso gogotsu hartu dute haurrek ekimena, ilusio eta gogo handiarekin parte hartu dute, eta guztioi erakutsi digute izugarrizko irudimena eta sormena daukatela, Kimubat enpresako ordezkaria eta udal arkitektoa bera ere harrituta zeuden horrekin, «guri okurrituko ez litzaizkigukeen ideia oso onak izan dituztelako».
Lehiaketa
Parte hartze prozesuaren barruan, marrazki eta horma irudien lehiaketa egin dute. Marrazki lehiaketan Aiert Solis eta Anthony Padilla izan dira irabazleak. Horma irudi onena, Haizea Iturriozek, Nahia Martinezek eta Enare-Graxi Barandiaranek taldean eginikoa izanda. Aipamen berezia egin diote Oihan Zudairek, Pablo Carmonak eta Urko Garciak egin duten lanari.
Lan guztiak udaletxean daude ikusgai.