Txakolingintzan izurrite bikoitza
Koronabirusak salbideak eta kontsumo ohiturak zapuztu baditu, naturak ere ez die tratu hobea eman Olaberriko Bengoetxe txakolindegiko mahastiei. Oso uzta urria atera dute 2020an.
Ohituraz, urtarrilean ematen du Getariako Txakolina jatorri izendapenak aurreko udazkenean bildutako mahats uztaren zukuaren berri. San Anton eguneko festa igandean zatekeen arren, ospatzeko gutxi dago sektorean, bai behintzat Goierrin dagoen arloko upategi bakarrean. Olaberriko Bengoetxe txakolindegian COVID-19ak eragindako gainbehera nozitu zuten 2020an, salmentari eta kontsumoari dagokienez. Aurten ere konpontzeko itxurarik ez dauka, gainera.
Eta, lehenaz gain, naturak ere ez du lagundu. «Mahats uzta oso gutxi izan genuen. Gaitza sartuta, zeharo galdu dugu. Gorrina sartu zen», azaldu du Bengoetxeko Iñaki Etxeberriak.
Gaur egun, mahastizainei buruhauste handienetakoa sortzen dien gaitzak dira mildiu (gorrina) eta oidio (zurina). Bi onddok mahats landarean sortutako gaitzak dira. Eta biak izan zituzten iaz erasotzaile. Hala, ohiko mahats uztaren gehiena galdu dute: «Kaltea eragin digu. Bestetan jasotzen dugun 6tik 5 galdu dugu».
Datu ezkorra dirudi, eta da. Baina, nolabait, buelta eman dio Etxeberriak, aurtengo merkaturatze itxaropen ezkorrarekin parekatuta.
Gutxi egin, gutxiago saldu
Izan ere, lehen sektoreko upategiak bete-betean kolpatu ditu ostalaritzaren itxierak, gainerako salmenten galeraz eta merkatuen itxieraz gain: «Salduko dena, hortxe-hortxe daukagu eginda».
Etsipenez hitz egin du Etxeberriak txakolinaren irteeraz. 2020a urte txarra izan zen, eta 2021 «berdina» dator. «Zer salduko da, bada? Lehenengo gauza tabernak ixtea egiten dute eta. Zerbait egin beharra daukatela badakit, baina garbi dago jendea ez dela tabernetan kutsatzen. Errua horri botatzen diote, baina beste nonbait hasi beharko dira begira».
Nazioarteko salbide batzuk ireki zituzten, eta batzuek eutsi diote: «AEBek berdin segitzen dute eramaten, eta Japonia ere eramaten ari da. Baina Australia-eta zeharo geratuta daude, Espainia bezalaxe, ez da ezertxo ere saltzen. Eginda dauzkagun txakolinei irteera emateko behintzat bada. Gutxi egiteak bere abantailak badauzka: saltzen lan gutxiago».
2019ko uzta, aldiz, «oso ona» izan zela aitortu du Etxeberriak, eta orduko txakolina badaukate oraindik. 2020ko uzta urrikoa probatzeko, maiatz aldera itxaron behar da, ontzen ari baita.
Aurkezpena bai igandean Getarian, dastaketarik ez
Bestela ere San Anton eguneko –urtarrilak 17– tradiziozko txakolin uztaren aurkezpeneko festara joateko asmorik ez bazuten, are arrazoi gutxiago du orain Bengoetxek. Igandean ez da Getarian (Gipuzkoa) jatorri izendapeneko txakolina jende artean aurkezteko ospakizunik eta dastaketarik egingo.
Aurkezpen ekitaldi xumea eta ofiziala bakarrik antolatu du Getariako Txakolina izendapenaren kontseiluak. Balentziaga Museoan, txakolingileen eta diputazioko agintarien argazkia aterako dute, norbera bere botilarekin.
Aspaldi zabaldu zuen esparru geografikoa jatorri izendapenak kostaldetik, eta gaur egun Gipuzkoako herrialde osoa sartzen da. 32 upategik ekoizten dute Getariako txakolina. Horietatik 8 dira itsasertzean ez dauden herrietakoak. Denera, 433 hektarea mahasti daude kontseiluan sartuta, nahiz eta gehien-gehienak (%90) kostaldean jarraitzen duen. Hondarribi zuri mahats barietate zuriarekin egiten da, batik bat.