Beasainen eta Zegaman, herria eta tabernak itxita dituzte gaurtik
Gaurtik, ostalaritza itxita egoteaz gain, herrira sarrera-irteerak mugatuta daude Beasainen eta Zegaman. Herri txikietako irizpideak zalantza ugari sortu ditu. Neurriak betetzeko deia egin dute alkateek.
Gipuzkoako zortzi udalerri bi Goierrikoakperimetroan konfinatuta daude gaur 00:00etatik aurrera. Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak atzo, osteguna, eman duen ebazpenaren arabera, Zumaiak, Beasainek, Andoainek, Villabonak, Aizarnazabalek, Berastegik, Ibarrak eta Zegamak mugatuta izango dituzte sarrera eta irteera mugimenduak, astelehenean Labik erabaki zuen bezala. Alerta gorrian dauden udalerri horietan, birusaren transmisio komunitario oso altuarekin, taberna eta jatetxeek itxita egon beharko dute. Ondorioak indarrean egongo dira, harik eta hurrengo ebazpena eman arte, datorren astelehenera arte, hain zuzen ere.
Azken 14 egunetako intzidentzia tasa ezin jaitsi daude Beasainen (741,74) eta Zegaman (591,72) eta ondorio zuzenak ditu horrek. Leire Artola Beasaingo alkateak esan duenez, COVID-19aren hedapenaren aurkako neurriak betearazteko udaltzaingoaren presentzia handituko du udalak.
Zegamako Alkate Joseba Izagirrek esan du ebazpena «errespetatu eta betebeharrak bete beharko» direla. Gaineratu du, udalak ez duela neurri gehigarririk hartuko, baina bai eskatu du, COVID-19aren hedapena saihesteko orain arteko gomendioak guztiak bete daitezen. Bestalde, harridura erakutsi du «Zegama perimetralki itxiko dutenaren jakinarazpen ofizialik jaso ez» duelako. Harridura baita ere, «Goierrin, 5.000 biztanletik beherako beste herri batzuetan ere 500dik gorakoa izanda herria perimetralki ixteko agindurik ez dagoelako». Ezkio-Itsaso legoke egoerarik okerrenean, 630,91ko tasa eta astebetean 4 positiborekin, Zerain (1459,85) eta Olaberria (872,41) ere 500eko muga pasata daude, baina momentuz bina positibo izan dituzte aste honetan. Herri horiei dagokienez, 5.000tik beherakoak direnez, herri bakoitzaren kasuistika aztertzen da.
Intzidentzia tasari begiratuta kezka sor dezake Zerainek. Amaia Junquera alkateak argitu du, «kasu oso lokalizatuak» direla, eta herri txikietan «positibo gutxi batzuek intzidentzia tasa nabarmen goratzea eragiten» duela, beraz, «lasaitasun mezua herritarrei». Dena den, «une oro, etor daitekeenari adi» daudela dio. Hori bai, Zegamako alkatearen haritik, kezka agertu du baita ere, «Eusko Jaurlaritzak datuak argitaratu bai, baina udalak ez duelako horren inguruko jakinazpen ofizialik», eta eskatu du, «jakinarazpena zuzenean udalari egin diezaiola Jaurlaritzak». Gehitu du, Markel Olano Ahaldun Nagusiarekin biltzen diren hurrengoan ere egingo diotela alkateek eskaera hori.
15 positibo gehiago
Positibo kopuruaren datuei erreparatuz, azken egunetakoaren parekotsu daude, Osasun Sailak atzo argitaratu zuen txostenaren arabera: beste 15 positibo kasu daude eskualdean. Herririk hazienetakoak dira horietatik 14. Beasainek eta Zumarragak launa kasu erregistratu zituzten, hiru Legazpik, bi Urretxuk eta bakarra Lazkaok. Ordizian ez da positibo berririk agertu. Herri txikiagoen artean, Ataun da kasu berri bat izan duen bakarra; gainontzeko hamasei herrietan ez da besterik agertu. Iazko martxoan osasun krisia hasi zenetik, Goierrin 4.593 COVID-19 positibo kasu izan dira.
Osakidetzako langileen greba, urtarrilaren 28an
Osakidetzako gehiengo sindikalak (ELA, SATSE, LAB, CCOO, UGT eta ESK) abenduaren 10ean iragarritako mobilizazioekin jarraitzen du; atzo goizean, EAEko hiru hiriburuetan egin zituzten manifestazioak «osasun publikoaren egoera larria, arazo estrukturalen konponbiderik eza eta Osasun Sailaren negoziatzeko borondaterik eza salatzeko, eta, era berean, hobetu beharrean, okerrera egiten duen egoera baten aurrean benetako negoziazioa eta konponbidea, berehalakoak eta errealak» eskatzeko. Bestalde, urtarrilaren 28ko greba deialdiak indarrean jarraitzen du.