Euskal auziaz «bestelako errelato bat» emango dute igandean Ataunen
Thomas Lacostek France3 telbista katerako egindako 'Pays Basque et liberté, un long chemin vers la paix' dokumentala eskainiko dute igandean, Ataungo Herri Antzokian.
«Zer da euskal gatazka? Zergatik sortu zen?». Galdera horiei erantzuteko saiakera bat da Thomas Lacostek (Bordele, Akitania berria, 1972) zuzendutako Pays Basque et liberté, un long chemin vers la paix (Euskal Herria eta askatasuna, bakeranzko bide luze bat). Orain urtebete estreinatu zen dokumentala Biarrizko Fipadoc nazioarteko dokumental jaialdian, eta telebistan ere ikusi ahal izan da harrezkero: iazko apirilaren 27an France 3 Akitanian eta urriaren 19an ETB1en eta eitb.eus-en. Igandean Ataungo Herri Antzokian proiektatuko dute, 19:00etan.
Euskal Herriko laurogei urteko gatazka du oinarrian dokumentalak: 36ko gerran hasi eta ETAren desegitearekin amaitzen da. Frankismo garaiak gogoratzen diren arren, fokua 2005 eta 2019 urteen artean izandako gertakarietan jartzen du Lacostek. 53 minutuko iraupena du.
Beste ikuspuntu batetik
Euskal gatazkari buruzko «historia plural eta kolektiboa» kontatu nahi izan du Lacostek lan honekin, eta haren konponbiderako urratsen berri jaso, «sekula eman ez den ikuspuntu batetik».
Guztira 70 eragile politiko eta sozial elkarrizketatu zituzten dokumentalerako: Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohia, Brian Currin bitartekaria, Anaiz Funosas Bake Bideko presidentea, Eugenio Etxebeste Antton ETAren mintzakide izana eta Jean Noel Etxeberri Txetx bakegilea, besteak beste.