«Gizarte pribilegiatu, hauskor eta ahul bat garela iruditzen zait»
Enrique Zalduak (Zumarraga, 1964) 'Crónicas angelinas de un actor solitario' liburua argitaratu du. Garai eta toki ezberdinetan idatzitako hiru ipuin jaso ditu.
Enrique Zaldua Amerikako Estatu Batuetan (AEB) bizi izan da urte luzez eta makina bat lanetan aritu da: aktore, Time aldizkariko berriemale, Euskaldunon Egunkariko eta Radio Euskadiko kolaboratzaile… Egun Alexander teknika irakasten du eta Nazio Batuen Erakundearentzat (NBE) itzultzaile lanak egiten ditu. Pintura eta argazkigintza ere gustuko ditu eta bere lehen liburua idatzi du.
Zer diozu argitaratu berri duzun liburuaz?
Azken hamarkadetan asko idatzi dut: prosa, entsegua eta poesia. Egindakoa argitaratzeko gogoa nuen eta errazena egin dut: hiru ipuin argitaratu. Hala ere, lan gogorra izan da.
Zer aurkitu dezakegu liburuan?
Hiru kontakizun labur dira, Olatz Goiburu zumaiarraren ilustrazioekin. Hirurak nire esperientzian oinarrituta daude. Elementu asko benetakoak dira. Bat New Yorken idatzi nuen Dorre Bikiak desagertu aurretik, beste bat Los Angelesen eta hirugarrena Zumarragan. New Yorken idatzitakoak XVII. mendeko Holandako burbuilan du abiapuntua eta New Yorken amaitzen da. Maitasunari buruzkoa da. Los Angelesen idatzitakoa aktore bati buruzkoa da. Zumarragan idatzitako ipuineko protagonista neskatxa bat da eta ilusioari buruzko istorio bat da.
Beste libururik ba al duzu eskuartean?
Euskal Herrian, Penintsulan eta Irlandan girotutako nobela historiko bat idazten ari naiz. Alexander teknikari buruzkoa, COVID-arekin duen harremanari eta pandemiak eskaintzen digun bizipenari buruzkoa ere idatzi nahi nuke. COVID-ari eman diogun erantzuna gure gizartearen erakusle bikaina dela iruditzen zait. Gizarte pribilegiatu, hauskor eta ahul bat gara.
Zergatik diozu hori?
Eskerrak ematea eta dugun guztiaren balioa aitortzea ahaztu dugu. Dena eskatzea da. Eskubideak besterik ez ditugu nahi. Dugun guztia oso garestia da eta ez gara jakitun edo ez dugu izan nahi. Gaizki hezitako gizarte bat gara. Erosotasun falta, zerbait guk nahi bezala ez joatea… jasangaitza zaigu. Beti arduradunak bilatzen ari gara eta sekula ez dugu onartzen ardura gurea dela. Bestalde, eurozentrikoak gara eta ez gara konturatzen beste herrialde batzuetan bizitza guztia daramatela krisian.
Gure aurrekoek garai gogorrak bizi izan zituzten.
Behin baino gehiagotan pentsatu izan dut: gerra ezagutuko al dugu? nola erantzungo genuke? Bizitzen ari garena gerra baten modukoa da. Izpiritua politika baino gehiago interesatzen zait eta horrek hainbat galdera sortzen dizkit: nola enfokatu dugu hau guztia? pentsamolde irekia erakusten ari al gara? pertsona hobeak izaten saiatzen ari al gara? orain arte egindakoak hona ekarri gaituela konturatu al gara eta zer aldatu behar dugun aztertzen ari al gara? Ostalaritzaren inguruan sortu den istilua oso esanguratsua da. Halako krisi batean aldarrikapen nagusia hori bada eta egunkarietako azalak ematen bazaizkio… Badakit ostalariak oso gaizki ari direla pasatzen eta niri ere tabernara joan eta kafe bat hartzea gustatzen zait, baina ez dut uste 1945ean Londresen lehentasuna pub-en irekiera izango zenik.
AEBtan bizi izan zara. Zer diozu Trump-ez?
Kapitolioan gertatu zenak ez nau harritu. Aspaldi esan nuen Trump Kapitoliotik eskoltatuta edo atxilotuta aterako zela. Zorionez, ez dirudi halakorik gertatuko denik. AEBtan gertatu dena hemengo itsukeriarekin lotuta dago, baina esteroideekin puztuta. Errealitatearen distortsioa bizi dugu eta Trump prozesu horren gailurra da. Boterera heltzeko aukera eduki du eta jende asko ideologikoki kutsatu du. Bere gorroto eta zatiketa mezuak arrakasta izan du. Bere izpiritua gaixo dago. Baina bera ez da lider bat. Egoeraz baliatu besterik ez du egin. Suari gasolina bota. Egonezin bat zegoen eta eskrupulurik ez duen gizon honek egonezin hori lehendakari izateko baliatu du.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Beltz kolorekoa. Gerra zibil bat edo estatu kolpe bat egon daitekeela uste dut. Ez dut uste pertsona alarmista naizenik, baina… Buruzagi militarrek mezu bat igorri diete soldaduei, beraien betebeharra Konstituzioa defendatzea dela gogoratuz. Horretara heldu badira… Trump-en aldeko soldaduak badaude, Trump-en kontrako buruzagiak ere egongo dira… Tejero Kongresura heldu zenean, jende gehiagoren babesa lortzea espero zuen. Kapitolioan sartu zirenek ere hori espero zutela uste dut. Polizia batek erasotzaile batekin argazkia atera zuen. Babestua dagoela dakielako egin zuen hori. Dena den, herritar gehienak beraien herrialdean eta Konstituzioan sinesten dute. Balio horiek oso barneratuak dituzte. Hori dela eta, estatu kolpe batek ez luke arrakasta edukiko. Baina kaltea handia izango litzateke. Dagoeneko kalte handia eragin dute. Onena impeachment-ak aurrera egitea da. Sistema politikoak Trump botatzea eta bere akolito guztiei kontuak eskatzea indarkeria bultzatzeagatik. Hori da, nire ustez, irtenbide bakarra. Donald Trump Etxe Zuritik lasai asko joaten bada, honek guztiak ez du amaierarik izango gauza askoz ere larriagoak gertatu arte.
Hamaika lanetan aritu zara. Zertan zabiltza gaur egun?
NBErentzat itzultzaile lanak egiten ditut eta Alexander teknikaren irakaslea naiz. Teknika terapeutiko bat da. Los Angelesen eta Irlandan egin ditut titulua lortzeko egin behar diren ikasketak.
Zertan datza Alexander teknikak?
100 urte baino gehiago ditu. Australiar batek garatu zuen, bere buruarekin proba eginez, XIX. mendean. Maisuak pazientearekin lan egiten du. Mina, parkinsona, autismoa, antsietatea, estresa… duten pazienteak dira. Osteopatiaren, yogaren edota masajeen oso ezberdina da. Mina areagotzen duten ohiturak aldatzean datza: posturak, mugitzeko modua, pentsaera… Ez da inbaditzailea eta emaitza bikainak ematen ditu. Nerbio sistema zentralarekin lan egiten da, gorputzak lasaiago bizitzen ikasi dezan. Horrek onura fisiko, emozional, neurologiko eta mentalak dakartza. Egungo bizimodua dela eta, gehienok gehiegizko tentsioan bizi gara.
NBErentzat itzultzaile lanak egiten dituzula ere esan duzu.
Azken hilabeteotan COVIDari buruzko asko egin ditut, baina azkena giza garapenaren txostenari buruzkoa izan da. NBEren txosten garrantzitsuenetakoa da.
Zer dio giza garapenari buruzko azken txosten horrek?
Une erabakigarria bizi dugula. Garai honi antropozeno izena eman diote. Gizakia planeta aldatzen ari da eta gure portaera aldatzen ez badugu, desagertu egingo gara. Honek COVIDarekin lotura du: jende askoren ustez, birus hau gizakia planetako azken txokoa ere inbaditzen ari delako sortu da.