Joxepane taberna, bi aroren artean kulunkan
Zaldibiako ezker abertzalearen taberna ospetsua itxita dago, ostalarien erretiroak eta beste aldagai batzuek eraginda. Gogoetan ari dira orain kideak, baina etorkizunean ere taberna modura lehenetsi dute askok.
Bi hilabete pasa dira Zaldibiako plazan dagoen Joxepane taberna itxi zutela. Koronabirusak lardaskatutako urte zailaren ezinei aro baten bukaera gehitu zaie. Aurre-erretiroa hartu dute ostalariek, eta ostalaritzan oro har dagoen geldialdia baliatuz, ideia-berritzeko baliatu du hura gobernatzen duen taldeak.
Ezker abertzalearen taberna eta bilgunea izan da Joxepane, 1994ko azaroan zabaldu zutenetik. Azkeneko zortzi urte eta erdian Joxe Joakin Zubeldia Zarra eta emaztea arduratu dira tabernako eta jantokiko lanez. «Adinean ere aurrera goaz, 63 egitera ni, eta ia pentsatuta genuen uztea. Pandemiaren egoera honek azkartu egin du erabakia. Garai hobeak etorriko direla eta, ixtea erabaki dugu», azaldu du Zubeldiak. Azaroaren 5ean ireki zuten Joxepane, azken aldiz.
Aldagai gehiago ere badaudela argitu du. Ahaztu ezineko bat, enbargo judizialarena eta auzitegien mehatxuarena. Edo lehendik ere aldatuta zegoen ostalaritza munduaren joerarena. Eta, jakina, pandemia dela-eta sektoreak jasan duen mazpildua. «Faktore asko izan dira».
Duela 26 urte pasa, Zaldibiako ezker abertzaleak egindako «apustuaren» emaitza da Joxepane. «Taberna bat zen hor garai batean, emakume batena, eta zahartu zenean, ezker abertzale bezala ikusi genuen taberna jartzeko aukera zabaltzen zela han. Leku onean dago, eta apustua egin genuen. Diru eske bat egin zen. Baina elementu nagusia da auzolanean egin zela gehiena, ofizial pare bat jarrita. Izugarrizko ilusioa genuen, eta jende askok lan asko egin zuen».
Bilgune eta zerbitzu gune
Lehen ere garai ezberdinak izan ditu Joxepanek. Sukalde eta jangelarekin hasieran, gora-behera batzuk izan ziren sukaldariak aurkitzeko garaian eta. «Egonkortu ezinik ibili zen urte batzuetan».
Baina, hasieratik, bi funtzio izan dituela nabarmendu du Zubeldiak: «Gazte jendea elkartzeko oso toki ona izan da. Ezker abertzalearen ikuspegitik, hainbat dinamika martxan jartzeko oso leku ona izan da guretzat. Gaztetatik hasita, herri giroan txertatzeko aukera eman du Joxepanek».
Beste ekarpena, zerbitzu ikuspegikoa baloratu du: «Zerbitzu bat eman du herrian. Guk 2012an hartu genuen, eta nahiko ondo funtzionatu du. Plazan bertan egonda, leku oso ona da. Azken urteetan joera aldaketa. izan da: astegunetan jenderik ez da ibiltzen, baina asteburuan, ostiraletik igandera, ondo lan egin dugu. Ekonomikoki ematen du», argitu du Zubeldiak.
Egokitu eta biziberritu
«Fase bat» bukatu dela denek onartzen dute. Orain, beste bat hasiko dela ere bai. «Ideiak ordenatu, eta gero zer aukera dauden aztertzen hasita gaude», zioen Xumai Matxainek herenegun, talde eragilearen bileraren aurretik. Hausnarketa eta gogoeta betean daude, ideia zaparradaren azpian oraingoz.
Zer gorputz juridiko eman da auzi bat. «Ez dago bazkiderik, irekia da ezker abertzaleko jendearentzat. Orain esan da bazkide batzuk behar direla… Orain arte, komisio batek eraman du Joxepaneren ardura. Elkarte bezala egituratu nahi dugu. Estatutuak ere zaharrak dauzkagu, eta gaur egungo legedira moldatu beharrean daude».
Funtzio sozioekonomikoa da beste aztergai bat. Hainbat irtenbide atera dira, baina gehien-gehienek taberna bezala ikusten dute aurrerantzean ere. Haurren edo zaharren bilgune, jangela sozial, haurrentzat jantoki, goiko solairuan lo lekuak jarri… Horiek dira ateratako ideia batzuk.
Dudarik ez dagoen alorra, helburu soziopolitikoena da. «Helburuak sortzaileen berberak dira, betikoak: ezker abertzalearen leku erreferente izatea, bilgunea; eta herri mugimendua, euskara eta kultura hauspotzeko gunea izatea».
Presarik ez dute, pandemiaren baxualdiak astia utzi dielako. Baina, etorkizunean ere taberna bezala lehenesten dutenez, Joxepaneko barra eta jangela hartuko lukeen inor egokirik interesaturik balego, «ateak irekita» dituela aurreratu dute.
Auzitegien ezpata beti zintzurrean, ‘Herrikoen auzian’
Azken 20 urteotan, ezker abertzalearen aurkako polizia operazioren eta jazarpen judizialen jopuntu izanda Joxepane. Espainiako Auzitegi Nazionalak 2014an atera zuen ‘herriko tabernak’ ixteko epaia, Zaldibiakoa tartean. Diru kontuak bahituta zituen lehendik. Eragozpen handia izan da hori, inbertsioak egiterakoan, arduradunak bilatzerakoan edo langileria hartzerakoan, adibidez. «Ezpata gainean du beti». Segiren aurkako sarekadan eta presoen argazkiak kentzeko (2009an biak) Ertzaintza sartu zen. 2006an, ‘Herrikoen auzia’-n inbentarioa egitera sartu zen idazkari judiziala.