Machok matematikak eta literatura uztartuko ditu Igartzako hitzaldian
Lemniskataren ziklo berria 'Cuentas y cuentos. Matematicas y literatura' hitzaldiak zabalduko du. Marta Machok matematikak transbertsalak direla erakutsiko du
Urtarrila, matematikaren bila zikloa gaur hasiko da Marta Macho Stadler matematikariaren Cuentas y cuentos. Matematicas y literatura Kontaketak eta kontua. Matematikak eta literatura hitzaldiarekin. 19:00etan izango da, Igartzako jauregian. «Matematikak dibulgatzeko literatura erabiltzen dut nik, kontrakoa diruditen arren. Izan ere, mundua mestizoa da», laburbildu du. «Ia ziur mundu guztiak irakurri dituen liburuetatik, bertan dauden matematikak bistaratuko ditut», sakondu du.
Geometriaz, Fibonacciren segidaz, logikaz, kriptografiaz, poesiaren estrukturaz… hitz egingo duela iragarri du. Besteak beste, Miguel de Cervantes, Edgar Alan Poe eta Lev Tolstoi idazleak aipatuko ditu. «Matematika hizkuntza unibertsala da. Ez da zaila matematiken inguruko aipuak aurkitzea literaturan, ia lan denetan dago zerbait». «Matematikak transbertsalak dira, bizitzako alor guztiak zeharkatzen dituzte. Nola ez, literatura ere bai: bai eleberrietan, bai poesian…».
Machok zifrak eta letrak ez direla kontrajarriak defendatzen du. «Uste okerra da. Zientziak literaturari, dantzari, arteari… ekarpen handiak egin dizkio. Eta, aldi berean, zientzia literaturan, dantzan, artean… inspiratu daiteke. Bata eta bestea banatzea kontrajarria da».
Beldurrik gabe
Machok, ordea, ez du uste ezer berria esan duenik: «Denok dakigu matematikaz inguratuta gaudela, baina ez dugu sakontzen». Askok matematikei dien ezinikusia jotzen du horren errudun. «Dibulgazioaren bitartez matematikei diegun beldurra galtzen ari gara. Beldurra galtzen eta ulertzen hasten garenean, matematikarekin gozatu egiten dugu. Matematikak ederrak dira». Urtarrila matematikaren bila bezalako ekintzen garrantzia azpimarratu du, «zientzia guztiengana iristeko». Antolatzaileei eskerrak eman dizkie halako aukera eskaintzeagatik.