'Urteko Autobusa 2021' saria jaso du Irizarrek
"Urtea bi sari jasoz hasteak harrotasunez eta pozez betetzen gaitu", adierazi du Imanol Rego Irizar e-mobilityko zuzendari nagusiak. 2021 Urteko Ibilgailu Industrial Ekologikoaren saria ere jaso dute.
Irizar e-mobilityk bi sari jaso ditu urtea hastearekin batera. Irizar ie busak 2021eko Espainiako ‘Urteko Autobusa’ saria irabazi du, eta Irizar ie truck-ak, berriz, ‘Urteko Ibilgailu Industrial Ekologikoa’ izendapena lortu du.
Hirugarren aldia da Editec taldeak Irizar e-mobilityren ibilgailuei autobus onenaren sari hori ematen diela: 2015ean garai hartako i2e izeneko autobusak irabazi zuen, eta 2018an, berriz, Irizar ie tram-ak. “Urtea bi sariak jasoz hasteak harrotasunez eta pozez betetzen gaitu”, adierazi du Imanol Rego Irizar e-mobilityko zuzendari nagusiak.
2014tik Europako hainbat hiritan erabiltzen dituzte Irizar ie busak: besteak beste, Madrilen, Londresen, Marseillan, Genovan edo Luxenburgon.