Itxita, baina ez geldirik
Herri mailako itxialdiaren lehen asteburua dute Beasainen. Herriko sarrera-irteerak kontrolatzen ari dira Udaltzaingoa eta Ertzaintza. Herritarrak, eguraldi onak lagunduta, paseoan edo kirola egitera atera dira.
Beasaingo herriguneak ez du gaur konfinatutako herri baten itxurarik ematen. Herriko sarrera-irteerak eta ostalaritza itxita dituzte, baina jendea ez da etxean gelditu. Lehen eguzki errainuak aprobetxatuta, paseoan edo kirola egitera atera dira herritarrak. Hori bai, herriko mugetatik atera gabe.
Gaur ere, Ertzaintza eta Udaltzaingoa ari dira herriko sarrera-irteerak kontrolatzen. Ibilgailuei herrira sartzeko baimenik duten galdetzen diete, eta baita oinezkoei ere. Oraingoz, abixuak bakarrik ematen ari dira.
Beasainek bi hilabete pasatxo daramatza eremu gorrian ostalaritza itxita. Herritarrei kalera atera eta sozializatzeko gelditzen zaien aukera bakarrak paseoak eta eramateko kafeak dira. Jende ilarak ikus zitezkeen gaur kafetegien atarian. “Besterik ez dago eta” zioen batek etsipenez; “gaur behintzat eguzkia atera du eta ezin kexatuko gara” besteak, egoera filosofiarekin hartu nahian.
Herrigunean ez ezik, asko izan dira bidegorrian eta Beasain barruko mendi bideetan oinez, bizikletan nahiz korrika atera direnak ere.
Ostegunean eman zuen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak herri mailako itxialdia bete beharko duten herrien zerrenda. Beasain, 698,95eko eragin tasarekin, EAE mailan konfinatu duten 20 herrietako bat da, Zegamarekin batera.
Udalaren oharra
Beasaingo Udalak gogorarazi du herria perimetralki itxita dagoela, eta ezin dela bertatik irten edo bertan sartu, baimendutako jardueretarako ez bada. Leire Artola alkateak “kutsatze tasa hori jaistea guztion ardura” dela azaldu du, eta “arauak betetzea norberaren erantzukizuna” dela. “Bakoitzaren osasuna eta ondokoena dago jokoan”. Osasun krisiak eraginda, “kaltetuen izaten ari den ostalaritza sektoreak bizi duen momentua kontutan” izateko deia egin du, “egoera aldatzen saiatzeko”.
Udalak, hartutako neurriak betearazteko erantzukizuna bere gain hartu du, eta horretarako, “udaltzaingoak zaintza lana areagotu du udalerrian”. Ertzaintza eta Beasaingo nahiz Ordizia eta Lazkaoko Udaltzaingoa elkarlanean ari dira, sarrera-irteerak kontrolatu eta arauak errespetatzen direla ziurtatzeko. Herriko mugez gain, jende pilaketak, ostalaritzako ordutegia, maskararen erabilera bezalako neurriak betetzen direla ere zainduko da.