Zegama, asteleheneko datuen zain
Beasainen bezala, Zegaman ere udalerri mailako konfinamendua ezarri dute. Egun lasaia izan da gaurkoa, eta herritarrak pasiatzera eta ohiko zereginetara atera badira ere, ez da pilaketa handirik izan.
Egun lasaia izan da gaurkoa Zegaman. Beasain bezala, herri mailako konfinamendu egoeran daude, baina herriko kaleetan ez da Beasainen adinako jendetzarik pilatu gaur. Mendialdera edo bidegorrian paseoan joateko aprobetxatu dute goiza batzuk; umeekin parkera joateko edo ohiko enkarguak egiteko besteek.
Goizean zehar Ertzaintzak kontrolak jarri ditu herri sarreran, jendearen joan-etorriak mugatzeko. Herrigunean eramateko kafea edo ogia erosteko jende ilara batzuk ikus zitezkeen, baina pilaketa handirik gabe. Plazan, haurrak eta gurasoak zebiltzan goiz pasa. Orokorrean, giro lasaia izan da nagusi eta jendeak arauak errespetatu ditu.
Herritarren artean denetariko iritziak entzun zitezkeen. Egoeragatik kezkatuta hitz egiten zuten batzuek; hala ere, “etxean konfinatuta egotea baino hobea” dela besteek; eta baikorrenek, astelehenean egoera aldatuko ote den esperantza agertzen zuten. Izan ere, Zegaman 591,72ko tasa zuten ostiralean, aste hasieran bost kasu agertu eta gero. Baina azken lau egunetan positiborik agertu ez denez, datozen egunetan jaitsi egin daiteke eragin tasa. Asteburuko datuek eta asteleheneko txostenak esango dute hori.