Bizkaitarren AEBetarako joana ikertzeko da Barandiaran Beka
Zuriñe Goitia antropologoak eta Asier Barandiaran filologoak irabazi dute. XX. mendeko emigrazioa ikuspuntu etnologikotik aztertuko dute
Barandiaran Bekaren 2020ko deialdiaren ebazpena argitaratu du Josemigel Barandiaran fundazioak. Bizkaitarren emigrazioa Ameriketako Estatu Batuetara XX. mendean, ikuspegi etnologiko batetik proiektua saritu dute, 10.000 euroko bekarekin.
Zuriñe Goitia eta Asier Barandiaran bizkaitarrak dira ikertzaileak. Gizarte eta Kultura Antropologian EHUn graduduna da lehena Goitia gaztea; ibilbide luzeagoko filologoa Barandiaran. «Gutako bakoitzaren ezagupenak proiektu honetan txertatzea bakoitzaren eginbeharra izango da, etnologia-etnografia ikuspuntua bermatzea Zuriñeren gainean jausiko da eta arlo linguistikoa eta lanaren berme akademikoa Asierren ardurapean egongo dira», azaldu dute biek.
Izenburuak dioen moduan, 1900etik aurrera Bizkaitik AEBetara lanera joandako jende-uholdearen esperientzia sakonago aztertu nahi dute, beti ere ikuspuntu etnologikotik.
Banakotik multzora
Milaka bizkaitar eta euskal herritar iritsi ziren XX. mendean Amerikara. Euskaldun koloniak osatu zituzten AEBetako hainbat tokitan. Gaia modu kualitatiboan behatu nahi dute: «Istorio indibidualek asko dute komunean; baina, era berean, bakoitzak bere idiosinkrazia du». Bizkai osoko emigrazioaren erakusgarri, lagin bat aukeratuko dute lehendabizi.
Testigantzak ere bilduko dituzte. «Denbora kontua da testigantzak jasotzeko ezintasuna aurki izatea, migratzaileak izandakoak batzuk AEBetan bizi dira eta beste batzuk itzuli ziren adinean sartuta baitaude. Beraz, lan honen beharrezkotasunak bultzatu gaitu elkarrekin gaiari sustapena ematera».
Metodo zientifiko bezala, Jose Migel Barandiaranen ikerketa metodologikoa erabiliko dute: zuzeneko elkarrizketak izango dira oinarria. Emakumeen testigantzak eta esanak bereziki landuko dituzte.
Informazio iturri nagusia migratzaileak izango badira ere, Euskal Herriko eta AEBetako agiritegiak ere ikusiko dituzte. Bi gizarteetan migrazioak eragindako kultura aldaketak eta berrikuntzak jasotzea lortu nahi dute.
Eusko Folkloren arkeologia
Barandiaran Fundazioak, bestetik, abenduan argitaratu zuen Eusko Folklore Urtekariaren 54. zenbakia, arkeologiari eskainia. Abel Ariznabarretak zuzendua, arkeologiari buruzko lau lan zabal dauzka: Erdi Eroko arkeologia Hego Euskal Herrian; Dimako Axlor aztarnategiko neandertalen bizi-formak; Euskal Herriko emakume arkeologoez; eta Barandiaranek Lezetxikin egindako lanen eguneraketa eta gordailu digitaltzea.
2021ean ehun urte beteko ditu Eusko Folklore Urtekariak.