«Uste dut talde polita dugula. Orain ondo jokatzea lortu behar dugu»
Beasain Kirol Elkartearen deia jaso zuenean, ez zuen zalantzarik egin Igor Gordobil (Arrasate, 1971) entrenatzaileak. Talde indartsuak ditu gogoko, baloiarekin eta gabe jokatzen dakitenak.
Beasain Kirol Elkarteko lehen taldea zuzentzeko eskaintza onartzea erabaki duzu.
Niretzat aurrerapauso bat da. Beasain bezalako klub batek deitzen dizunean ez duzu zalantzarik egiten. Umiltasun osoz nator, gauzak ongi egiteko gogoarekin.
Ligaren lehen itzulia eginda iritsi zara. Denbora gehiago nahiko zenuke?
Gustatuko litzaidake baina gauzak horrela suertatu dira. Pozik nago, edonola ere.
Sailkapenari begira helbururik baduzu?
Epeak motzak izan behar dira. Futbolak ez du aukerarik ematen epe luzera begiratzeko eta gure indar guztiak hurrengo aurkariarengan jarri behar ditugu.
Zeintzuk dira zure erronkarik hurbilenak?
Nik uste dut talde polita dugula. Orain ondo jokatzea lortu behar dugu. Zer den ongi jokatzea? Bada, batzuetan atzetik jokatzea, besteetan era zuzenago batean… erregistro asko menperatu beharko ditugu horretarako.
Esperientzia handiko entrenatzailea zara, Bigarren B mailan ere aritua. Zer ekarpen egin diezaiokezu taldeari?
Entrenatzaileok gauza asko izaten ditugu buruan, baina azkenean gu moldatu behar gara jokalarien gaitasunetara.
Zein ezaugarri izaten dute zure taldeek?
Autoexigentzia izatea gustatzen zait, bizitzan eta futbolean. Helburuak lortzeko norbera bere buruarekin zorrotza izatea funtsezkoa da. Gero, talde indartsuak gustatzen zaizkit, baloiarekin eta gabe.