Haize bolada gogorraren astindua
Oiloak erruten poliki-poliki hasten direneko seinaleak Ordiziako azokako mahai gainetan dira. Lurreko eta aire libreko lanak egiten dituenak garbi antzematen du eguna luzatzen ari dela.
Egunak luzatzen hasi dira. Arratsaldetan nabarmentzen bada ere, lurreko eta aire libreko lanak egiten dituenak garbi antzematen du. Inauterien errituak ere esanahi horixe dakar, lurraren esnatze deia alegia, atzoko haize bolada zakarrek ere natura astindu nahi zutenaren seinale ziruditen. Merkatuan oraindik ere marka garbirik, ez bada oiloen martxa. Bukatu zaie geldialdia eta poliki-poliki erruten hasi dira. Saltegietan urte guztian arrautzak salgai izaten baitirenez, askok ez dakite, oiloek ere beren zikloa dutela bai behintzat natural bizitzen utziz gero. Urri bukaeratik urtarrilaren bukaera bitarte horretan izaten dute pausaldia arrautzak jartzeari dagokionez. «Orain abiatu dira baina otsailean izaten dute gorakadarik nabarmenena», esaten zigun Axun Etxeberria zaldibiarrak. Larrean libre izaten ditu oiloak, oilar eta guzti ahal den neurrian txitoak ere etxean bertan ateraz. Jana berriz, lurretik hartzen dutenaz gain zereal nahasketa: garia, artoa, oloa… eta barazkiak emanez, 4 euroan dozena salgai. Hazkuntzetako oiloen arrautzak ere eros daitezke ferian neurriaren arabera, jantziak bailira L 1,8 euroan dozena, XL 2 euroan eta potolo deiturakoak 2,2 eta Kanpero 3.
Gutxitan gertatzen da, baina atzo batere perretxiko freskorik ez zen. Aldiz onddoak oliotan Lasaren postuan astero. Arkumeak 3,15 euroan kiloa jarraitzen du, bizirik pisatua.
Saltzaileen joan-etorria
Idiazabalgo Kalbarioko Amaia Alkortak postua jartzeari utzi bazion ere, Fuji izeneko hark ekarritako sagar mota berria salgai da atzotik Aramako Arantxa Zurutuzaren postuan 3,5 euroan kiloa.
Joan zen astean iragarri zuen moduan Errezilgo Joxe Antonio Aizpuru atzo ia ez zen etorri. Datorren astetik aurrera, berriz, Gabiriako Oñatibi Txikiko Joxe Antonio Elosegik etortzeari utziko dio. Sagar gehienak salduak eta mizpira gutxi batzuk eta sagar zukua besterik ez zuenez. «Baba eta ilar dezente erein nuen eta ea haiek ekarriz berriz ere udaberrian hasten naizen postua jartzen, bestela ere goiz pasa lagun artera etorriko naiz tarteka gustura asko», esanez agurtu gaitu.