Lehen lerrora iritsi da txertoa
Zumarragako Ospitaleko osasun langileak hasi dira COVID-19aren aurkako txertoa jasotzen. Goierriri dagokion ESIko langileek hiru astetan lehen txertoa jasotzea aurreiskusten dute
Osakidetzako langileak hasi dira COVID-19aren aurkako txertoa jasotzen. Barakaldoko Gurutzetako ospitalean izan ziren lehenak, iragan ostiralean, eta atzo, Zumarragako ospitalean ere hasi ziren. Osakidetzak zehaztu duen protokoloaren arabera, larrialdietan eta Barne Medikuntzan lan egiten duten langileak izango dira txertoa hartzen lehenak. Lehen egunean, Pfizer etxearen 48 txerto jarri zituzten guztira, eta hemendik 21 egunera, bigarren txertoa jarriko diete. Hurrengo egunetan, egunero txerto kopuru bera, 48, jartzea espero dute. Ospitaleko langileez gain, Goierriko eta Urolako osasun zentroetako langileei ere jarriko diete txertoa Zumarragako Ospitalean.
Xabier Mujika Goierri-Urola Garaiko ESIko COVID-19aren arduradunak adierazi du, «gure ESIan Goierri eta Urola Garaia 1.400-1.500 langilek jasoko dute txertoa hurrengo asteetan, Zumarragako Ospitaleko, Goierriko eta Urola Garaiko Lehen Arretako zentroetako eta Osasun Mentaleko osasun langileak eta zentro horietan lan egiten duten beste langile batzuk, alegia».
Osakidetzak zehaztu duen aurreikuspenaren arabera, Mujikak azaldu du, «daukagun txerto kopuruaren arabera jarriko dira txertoak; izan ere, Zumarragako Ospitalean jasotzen den txerto kopurua, Eusko Jaurlaritzara iristen den txerto kopuruaren araberakoa da, eta Eusko Jaurlaritzakoa Espainiako Gobernuak bidaltzen duen kopuruaren araberakoa». Orain arteko kopurua mantentzekotan, kalkulua da «hiru aste inguruan langile guztiek lehen dosia jarrita izango» dutela.
Osakidetzako zuzendaritza nagusiak lehentasun batzuk finkatu ditu txertoa jartzeko: «Zainketa intentsiboko langileak lehenetsi dituzte eta horiekin hasi dira (Zumarragako Ospitalean ez dago zerbitzu hori); haien ondoren, larrialdi zerbitzuetako langileak, bai ospitalekoak, bai lehen arretakoak; jarraian, COVID-19aren positibo diren gaixoekin lan egiten duten langile guztiak, adibidez, ospitalean COVID-19aren gaixoak hartatzen dituzten unitateko langileak; haien atzetik, COVID-19aren gaixorik ez dagoen gainontzeko unitateak eta lehen arretan covid-zirkuitotik at dauden langileak; eta azkeneko fase batean, pazienteekin zuzenean lan egiten duten gainontzeko zerbitzu guztietako langileak, adibidez, zuzendaritza eta telefono arretakoak.
Gainera, «zerbitzu bakoitzaren barruan, adinaren araberakoa izango da txertaketa; lehentasuna izango dutela adin gehieneko langileek». Lehentasuna dute baita ere, «infekzioa pasatu ez dutenek, infekzioa pasatu dutenen aurrean».
Langileen %5ak, ez
COVID-19aren aurkako kanpainaren aurrean Osakidetzako langileen artean «%5ak esan du momentura arte, ez duela txertorik jarriko». Zumarragako Ospitalean, txertoa jartzeko deitu dieten «guztiek baiezkoa» esan dute. Mujikaren hitzetan, «langileek gogoa dute txertoa jartzeko». Argitu du, langileek txertoa jartzea ez dela derrigorrezkoa.
LABIren bilera aurreratu du lehendakariak
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak LABIrenaholku batzordea aurreratudu. Datorren urtarrilaren27rako zegoen deituta bilera,baina atzoko albistea da, bihar, ostirala bilduko direla. Eman duten arrazoia da, azken egunetan kutsatze kopuruak gora egin duela. Horrela, EAErako neurri berri zehatzen iragarpena ostiralean egingo dute, seguru asko.