Uemak euskararen erabilera neurtuko du
Hego Euskal Herriko 36 eskolatatik datu kuantitatibo eta kualitatiboak jasoko dituzte. Goierrin Ataungo, Legorretako eta Segurako eskoletan egingo dute
Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Hego Euskal Herriko 36 eskolatako hizkuntza ohiturak neurtuko ditu. Datu kuantitatiboak jasotzen ari dira, eta hurrengo urratsa datu kualitatiboak jasotzea izango da, elkarrizketen, eztabaida taldeen edo bestelako talde dinamiken bidez. Goierrin, Segurako, Legorretako eta Ataungo eskoletan egin dute neurketa.
Besteak beste, herriaren tamaina, egoera soziolinguistikoa eta eskolaren tipologia hartu dute kontuan lagina egiterakoan. Bost egunetan jaso dituzte datu kuantitatiboak. Eneritz Albizu Uemako euskara teknikariak azaldu duenez, urteetan nerabeen hizkuntza ohituretan aldaketak eman izan dira, eta gaur egun aldaketa hori gazteagotan ematen da. Horren arrazoiak ezagutzeko jarri dute martxan neurketa: «Lehen 14 urte ingururekin hasten baziren aldaketak, orain Lehen Hezkuntzan ere ematen da».
Pandemia egoerak eta horrek eragindako bizimoduak ere eragina izan du hizkuntza ohituretan. Izan ere, etxean denbora gehiago pasatzen dute eta harremantzeko moduak ere aldatu dituzte gazteek. Gero eta ohitura gehiago dute sare sozialekin, Internetekin aritzeko, eta bertan euskara ez den eta eremu zabalagoa duten beste hizkuntzetan kontsumitzen dute: «Erreferentzia kultural eta sozial horiek hizkuntza ohituretan islatuta daude», azaldu du Albizuk.
Herrien aldaketa
Neurketa Lehen Hezkuntzako ikasleekin egingo duten arren, «kezka» agertu dute Haur Hezkuntzan geroz eta gehiago entzuten dutelako gaztelania, udalek eta eskolek Uemari helarazi diotenez: «Egia da udalerri euskaldunak aldatzen ari direla, eta horren isla dira eskolak». Ez da kontsumitzen dena bakarrik, baizik eta etxeetan dituzten ohiturak. Goierriri dagokionez, adibidez, Eustatek bost urtero argitaratzen dituen hizkuntza ohituren inguruko datuen arabera, behera egin du etxeko hizkuntza euskara dutenen kopuruak 2001etik: Legorretan %63,8tik %44,9ra, Ataunen %89,7tik %74,15era, eta Seguran, berriz, %74,4tik %67,79ra.
Hori dela eta, Uemak udalerri euskaldunetako herritarrei herritik kanpo ere hizkuntza zaintzeko deia egin die: «Udalerri euskaldunetan euskaraz bizi gara naturaltasunez eta pentsatzen dugu salbu dagoela, baina kontua da udalerri euskaldunenetan ere behera egin duela». Euskara teknikariak gehitu du «garrantzitsua» dela udalerri horietako herritarrak «kontziente» izatea zaindu beharreko hizkuntza dela: «Gure naturaltasun hori ere beste leku batzuetara eraman behar dugu, han euskarari aukera berriak irekitzeko».
Goierrikoa, lagin zati bat
Neurketaren lagina Hego Euskal Herrikoa da, hau da, Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba mailako ikerketa burutuko dute, eta, beraz, Goierriko eskoletan egindakoa lagin horren zati bat da. Segurako eskolan guztira 188 elkarrizketa eta 930 solaskideren jarduna behatu dituzte, eta jasotako datu kuantitatiboen arabera, %96,8koa da euskararen erabilera jolastokian. Gaztelaniaz aritzen dira %3,2. Legorretan, 124 elkarrizketa behatu dituzte, 685 solaskiderekin: %85,3-ekoa da euskararen erabilera eta gaztelaniarena %14,7ekoa. Ataunen, azkenik, 255 elkarrizketa eta 1.069 solaskideren jarduna aztertu dute: %95,5 aritzen da euskaraz eta %4,5 gaztelaniaz.
Nahiz eta gutxi izan diren, euskara eta gaztelania elkarrizketa berean nahasten duten ikasleak ere badaude. Azken txostenean zabalduko dituzte datu horiek. Neurketa kuantitatikoak eginda, datu kualitatiboak aztertuko dituzte 36 eskola horietan, elkarrizketak, eztabaidak eta bestelako ekintzak antolatuta. Ikerketa amaitzean, Soziolinguistika Klusterrak emango ditu behin betiko datuak eta horien inguruko analisiak.