25 urte, federatutako lehen taldetik
Idiazabalgo nesken areto futbol taldeak 25 urte bete ditu aurten. 1995-1996 denboraldian ekin zioten bideari herrian jokatzen jarraitzeko aukera izateko. Gaur egun talde bakarra dago.
Idiazabalen lehenengo federatutako nesken areto futbol taldea sortu zutenetik 25 urte pasa dira. Urteurrena du taldeak aurten. 1995-1996 denboraldian eratu zuten ekipo federatua, Fernando Prados entrenatzaile zela, herrian jokatzen jarraitzeko helburuz. Izan ere, ordura arte eskola kirolean areto futbolean aritu zirenek ez zuten aukerarik Idiazabalen bertan jokatzen jarraitzeko infantil mailatik aurrera.
Leire Iparragirre idiazabaldarra izan zen talde horren bultzatzaileetako bat, beste zazpi lagun ingururekin batera: «Guk jokatzen jarraitu nahi genuen, eta Idiazabalen jokatu nahi genuen». Herriko kirol elkartearen laguntzarekin hasi ziren entrenatzen aurrena. Azkenean entrenatzaile finko bat lortu zuten: kirol elkarteko kide zen Fernando Prados.
Garai «zailak» izan zirela adierazi du Iparragirrek: «Neskak ginen, kirola ere minoritarioa zen; garai hartan oso neska gutxi zeuden areto futbolean jokatzen zutenak». Halere, «ilusioz handiz» ekin zioten ibilbideari. Gehiago eta era zehatzagoan entrenatzen hasi ziren: «Dena berria zen, baina gogo handia genuen».
Garai hartan Tolosaldeako eta Donostialdeako taldeak izaten zituzten aurkari batik bat. Bartzelonara ere bidaiatu zuten Prados entrenatzailearekin denboraldia bukatzean, txapelketa bat jokatzeko, estatu mailako taldeen eta beste herrialde batzuetako taldeen kontra: «Zorte handia izan genuen Fernandorekin».
Talde bakarra
Duela 25 urte taldea sortu zutenean, lan egiteko modu bat ere zehaztea erabaki zuten, gaztetxoenetik hasi eta lehenengo talderako egituraketa bat osatuz parte hartzea eta saretzea bultzatzeko: «Beti saiatu gara gazteek poliki ikas dezaten eskola mailan, ondoren lehenengo taldera iristeko». 2002-2003 denboraldian infantil mailako hainbat neska lehenengo taldera igo ziren, eta hiru talde osatu zituzten. Idiazabalgo hiru talde liga berean. Egituraketa hori, dena den, bertan behera geratu da, eskola kirolaren eta taldearen arteko harremana eten delako. Gaur egun talde bakarra dago, eta gazteen jarraipenaren falta sumatzen dela azaldu du Iparragirrek.
Kudeaketa lanak
Jokalariez gain, taldea kudeatuko eta parte hartuko duten arduradunak ere behar dira, eta hori lortzea geroz eta zailagoa da: «Azkenean inplikazioa behar da». Jokalari izateaz gain, 15 urte inguru eman ditu entrenatzaile lanetan Iparragirrek. Biak ere uztartu zituen tarte batez, «oso gustora»: «Ez da jokatzea, baizik eta elkarbizitza bezalako faktoreak lantzea ere bai».