«Arrisku gehiago du txertoa ez jartzeak jartzeak baino»
COVID-19aren aurkako Pfizerren txertoa jasotzen hasi dira Zumarragako Ospitaleko langileak. Xabier Mujika Goierri-Urola Garaiko ESIko COVID-19aren unitateko arduradunak xehetasun guztiak eman ditu.
Osakidetzako langileak hasi zarete COVID-19aren aurkako txertoa jasotzen.
Bai hala da! 48 txerto jarri genituen lehen egunean, eta aurreikusita dugu, hurrengo egunetan, egunero 48 jartzea. Dena den, daukagun txerto kopuruaren araberakoa izango da. Guk jasotzen ditugu Eusko Jaurlaritzara iristen den txerto kopuruaren arabera, eta Eusko Jaurlaritzara, Espainiako Gobernuaren arabera. Orain arteko kopurua mantenduta, kalkulua da hiru-lau aste inguruan langile guztiei lehen dosia jarrita izatea.
Zenbat langilez ari gara?
1.400-1.500 inguru; ospitaleko osasun langileak, Goierriko eta Urola Garaiko lehen arretakoak, osasun mentaleko zentrokoak eta horiez gain, osasun langileak ez direnak baina gure ESIko zentroetan lan egiten duten segurtasun langileak, garbitzaileak…
Nola zaudete txertoa jasoko duzuen momentu honetan?
Orokorrean gogo handiarekin, eta momentuz txertoa jartzeko abisua jaso duten langileen %5ak egin dio uko. Ez da derrigorrezkoa jartzea.
Txertoa jartzeko lehentasunak finkatu dira.
Bai, hala da! Osakidetzako zuzendaritza nagusiak finkatu du, zainketa intentsiboko langileek dutela lehentasuna. Ondoren, larrialdi zerbitzuetako langileek jasoko dute, bai ospitalekoak, bai lehen arretakoak. Jarraian, COVID-19agatik positibo diren gaixoekin lan egiten duten langile guztiak, adibidez, ospitaleko COVID-19aren gaixoak artatzen dituzten unitateko langileak. Haien atzetik, COVID-19aren gaixorik ez dauden gainontzeko unitateetako langileak, lehen arretan COVID-zirkuitotik at dauden langileak. Eta azkenik, pazienteekin zuzenean lan egiten duten gainontzeko zerbitzu guztietakoak, adibidez, zuzendaritza eta telefono arretakoak.
Egunotan zalaparta sortu da, jaso diren dosi guztiak eman edo erdiak gordetzearekin. Euskal Autonomia Erkidegoan, bigarren dosia bermatzearen alde egin da. Horren harira, Denis Itxasok erantzun du, txertoak ez daudela gordetzeko.
Kritikagarria izan daiteke ala ez, baina nire ustez Eusko Jaurlaritzak hartu duen erabakia zuzena da. Txertaketa berez hiru fasetan eman behar da: lehenengo an, lehentasuna egoitzak, erresidentzia kontzeptua betetzen ez duten beste erakunde batzuk, psikogeriatriako zentroak eta komentuak, adibidez; bigarrenean, osasun langileak, Osakidetzakoak izan edo ez; eta hirugarren fasean, populazio orokorra. Bermatu behar dugu bigarren fasera pasatu aurretik, lehenengo faseko pertsona guztiei bigarren dosia ziurtatzea.
Beste herrialde batzuetan, Pfizer etxearen gomendioari entzungor egin diote. Alemanian, 48. egunean jarriko dute bigarrena.
Gure kasuan 21 egunera jarriko dugu bigarrena. Pfizer-ek esaten du, bigarren dosia 21 egunean jarri behar dela. Zergatik hori eta ez 48. egunean? Pfizerrek txertoa merkatura atera ahal izateko egin dituzten estudioetan, bigarren dosia 21. egunean jarri dutelako. 30. egunean jarrita efekto gutxiago du? Ez dakigu, beraz, Pfizerren fitxa teknikoak esaten duena jarraitzen ari gara. Alemanian eta Ingalaterran beste jarraibide batzuk hartu dituzten eta bigarren dosia emateko egun kopurua luzatu dute. Uste dut erabaki politiko bat dela.
Herritarren artean ere sortu du zalaparta txertoak.
Denbora pila bat pasatzen dut buloak eta horrelakoak ezeztatzen. Zalantzak dituzten pertsona horiei esango diet, txertoa segurua dela. Momentu honetan baten batek beldurra baldin badauka txertoak zein eragin izango duen bere osasunean, esango nioke, arrisku gehiago duel txertoa ez jartzeak, jartzeak baino.
Nolako txertoa da?
Bi txerto mota daude: birusa lokartuta edo birusaren zatiak dituztenak, eta horregatik, arrautzaren proteina eraman ohi dutenak, adibidez; eta birusik ez dutenak, Pfizerren txertoa bezala. Pfizerren txertoak, ARN deitzen den molekula bat du, eta horregatik ez du proteinarik. Txerto hau jar dezakete, arrautza edo arrainaren proteinari alergia dioten guztiek. Birusik ez duenez, immunitate arazoak dituztenek ere bai. Oraingoz, esan diguten kontraindikazio bakarra da, haurdun dauden emakumeena da. Eta kontua ez da txertoa jaso duten haurdun dauden pertsonengan eragin negatiboak izan dituela, baizik txertoa aprobatzeko, 40.000 pertsona inguruko biztanleria hartu zela, eta lagin horretan, haurdun zeuden emakumeen portzentaia, oso txikia zela, esan ahal izateko emaitzak adierazgarriak diren edo ez biztanleria orokorrean. 16 urtetik beherakoei ere ezin zaie txertoa jarri. Azkenik, txertoa jarri zaien emakumeak hurrengo hiru hilabeteetan haurdun ez gelditzea gomendatzen da.
Dena den, geroz eta pertsona gehiagok txertoa jaso eta datu gehiago izan, gauzak aldatzen joango dira.
Behin txertoa jarrita zer?
Eragin maximoa lortzen da, bigarren dosia jarri eta handik astebetera. Momentu horretan immunizazio maila %94tik gorakoa da. Lehenengo dosia jarri eta gero, immunizazio maila %40-50 ingurukoa da. Ulertzen dut, Alemania bezalako herrialdeetan, nahiago izan dutela immunizazio maila txikiagoarekin lortu, baina populazio kopuru altuagoa immunizatu.
Hemen, immunizazio maila altuenera iritsi nahi da, baina hala ere, birusaren hedapena saihesteko neurriak hartzen jarraitu beharko dugu: maskara jantzita eraman; higienerako neurriak hartu; distantziak mantendu; aireztapena…
Argitu nahi dut baita ere, bi txertoak jasota ere, kasu positibo baten kontakto estu bat bazara, jarraitu beharko zenukeela konfinamenduak egiten.
Eta hori noiz arte?
Komunitate mailako immunizazio maila altu bat lortu arte, gutxienez, populazioaren %70ak txertoa jasotzen duenean gertatuko da hori. Hortik aurrera, bai, neurriak dexente malgutzen joango direla uste dut. Geroz eta txerto gehiago eman, positiboen kopuruak behera egingo du.
Gaixotasuna pasatu dutenak immunizatuta daude?
Ez dira kasu gehiegi zorionez, baina badaude kasuak bitan kutsatu direnak. Kontuan izan behar da, antigorputzak sortu diren ala ez. Infekzioa pasa eta lehen hiru hilabeteetan egongo zinateke, nolabait esateko, «salbu». Horrek ez du esan nahi, maskara jartzea beharrezkoa ez denik, baina bai, kasu positiboren batekin kontaktuan egonda, konfinamendurik ez dela egin behar. Jendeak argi izan behar duena da, nahiz eta gaixotasuna pasata izan, izan zaitezkeela birusa transmititzeko bektore bat, eta jende askok hori ez dauka asimilatuta. Neurriak berdin- berdin bete behar dira.
Iragan martxotik majo aldatu zaigu bizitza, zer esanik ez, osasun langileena. Zer pentsatu zenuen txertoa prest zenean?
Adibide bat erabiliko dut. Urtarrilaren 11n hasi ginen adinekoen egoitzatan lehen txertoak jartzen, Goierrin. Han izan ziren erizain guztiak bat zetozen gauza batean; egoiliarren begiradetan somatu zuten zerbait desberdina. Pentsa! egoiliarrak, martxotik atera gabe daude, eta haientzako, txertoa da itxaropena, eta itxaropenak duen balioa oso handia da. Bial txiki batean dago jarrita itxaropen guztia.
Kuriosoa da hau guztia hasi zenean, kalean eta sare sozialetan guztiak zirela epidemiologo adituak. Txertoarekin, mikrobiologoak ageri dira toki guztietatik. Nik esan dezakedana da, aitona-amonek eskerrak ematen dizkigutela eta ausartzen naiz esaten, bihotzez egiten dutela.
Bukatzeko, beste ezer esan nahiko zenuke?
Ba ulertzen dudala norbaitek esatea, txerto honengan ez duela sinesten eta ez duela jarri nahi. Baina entzuten dudanean txertoek ez dutela ezertarako balio… Ez naiz nekatuko errepikatzeaz, ebidentzia bat dela zenbat gaixotasun erradikatu ditugun ipar hemisferioan txertoekin, eta ezin da kontrakorik esan. Eta pertsona horiek osasun langileak direnean… pena handia ematen dit. Ez dut ulertzen!