Udalak gazte lokalen ordenantza malgutu du
Orain arteko baldintzak zorrotzegiak zirenez, lokal askok ez zuten baimenik eskatzen. Udalak proposamen bat landu du eta otsailaren 9ra arte ekarpenak egin dakizkioke
Beasaingo Udalak gazte lokalen inguruko ordenantza osagarria egokitu du. Udalak aipatu du ezarrita dauden baldintzak “zorrotzegiak” direla eta, ondorioz, askok ez dutela baimenik eskatzen jakitun direlako eskaera ukatu egingo zaiela, baldintzak ez betetzeagatik. Halere, “bizigarritasun eta segurtasun arloan” gutxieneko baldintza batzuk ezarri beharra daudela sinetsita daude.
Ordenantzaren arabera, lokalak beheko solairuan egon behar dute. Solairuartean daudenek kalera zuzeneko irteera izan beharko dute, eta sotoetan, berriz, ezingo da lokalik eratu. Instalazio elektrikoa ondo dagoela frogatu beharko da CIBT edo OCA ziurtagiriekin. Era berean, aireztapen sistema –naturala edo mekanikoa–, komuna –bat, gutxienez, konketa eta komun batekin– eta su-itzalgailuak –6 Kg-ko hautsa balio anitzekoa bat eta CO2-koa beste bat, gutxienez– ere izan beharko dute. Erakusleihoak kolore argiko binilo zeharrargiekin atondu beharko dira.
Erabilerari dagokionez, aisialdira bideratuta egon beharko dute. Hau da, sozializazio guneak izan beharko dira, baina pribatuak eta itxiak. Soilik alokatzen duen lagun taldeak eta hauek gonbidatutakoek izango dute barrura sartzeko aukera. Bi metro koadroko pertsona baten edukiera izango du. Barruan posible izango da telebista ikustea, ordenagailuarekin, bideo-jokoekin eta mahai jolasekin jolastea edota dantza egitea. Billara, ping-ponga, futbolina… eta halakoak erabiltzeko aukera ere badago. Debekatuta dago, ordea, motordun ibilgailuak gordetzea, material piroteknikoa edo elementu sukoiak biltzea, lokalaren kanpoaldean elkartzea, zarata egitea, janaria prestatzea edota bizilagunentzako gogaikarriak izan daitezkeen jarduerak egitea. Lokalak ezingo dira 10:00ak baino lehen ireki eta igandetik ostegunera 22:00etarako itxita egon beharko dute. Ostiraletan eta larunbatetan, 00:00etarako.
Lokalaren hartzaileek adinez nagusiak izan beharko dute. Adin txikikoen kasuan gurasoak, tutoreak edo lokalaren jabea izango dira erantzuleak. Lokal bakoitzaren hartzaileak zeintzuk diren identifikatuta egon beharko da eta udalak soilik hauekin izango du harremana.
Lokala prezintatzeko aukera eta 600 euroko isunak
Ordenantzaren aurkako arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izango dira. Esaterako, altzariak kalera ateratzea arau-urratze arina izango da; aldiz, bizilagunei eragozpenak sortzea urratze larria izango da; eta, lokala udalaren baimenik gabe zabaltzea, larria. Arau-haustea arina denean, lehen kasuan, erabiltzaileei eta lokalaren jabeari ohartaraztapena igorriko zaie. Handik aurrera, lokala astebeterako itxiko da eta jabeari ehun euroko isuna jarriko zaio; urraketa larria denean, lehendabizikoan, lokala hilabeterako itxiko da eta jabeari 200 euroko isuna jarriko zaio. Arazoa ez bada konpontzen, hiru hilabetetarako prezintatuko da lokala eta nagusiari 500 euroko isuna jarriko zaio. Ez da hirugarren aukerarik egongo, arau-hauste oso larritzat joko baita hortik aurrera; kasu hauetan, sei hilabetetarako itxiko da eta 600 euroko isuna jarriko da. eta bigarren arau-hauste oso larri bat eginez gero, lokala erabat itxiko da eta ezingo da aisialdirako erabili urtebetean. Isuna 600 eurokoa izango da.
Ordenantzari iradokizunak egiteko epea zabaldu du udalak. Otsailaren 9a baino lehen egin beharko dira iradokizunak, Igunean idatzia aurkeztuta edo udala@beasain.eus helbidera idatzita. Gero, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean jaso beharko da eta handik hamabost egunetara indarrean sartuko da.
Egun irekita dauden lokaletan ere arautegi berria aplikatuko da. Arautegia indarrean sartzen denetik, aisialdirako lokalek neurri horiek betetzeko hiru hilabeteko egokitzapen-epea izango dute. Udalaren oniritzirik gabe ezingo da lokalik zabaldu.